'Hutsune iturri' saioak asko izango du inprobisaziotik. Hala ere, emango diguzu azalpenen bat irakurlea kokatzeko?
Espazio-denbora esperimentatzeko dimentsio anizkoitza planteatuko dugu, ukigarria dena gainditu eta ikusezinaren lurraldeagaz konektatzeko. Prozesu bizi eta organiko baten bitartez, inkontzientearen espazioan mobilizatzen dena gauzatzea da helburua, euskal arimaren identitate-ezaugarriak gordetzen dituen memoria kolektiboaren zati bat gogora ekartzeko.
Lehenengo aldia duzu Beñategaz?
Sorkuntza berezia izango da, eta niretzat paregabea Beñaten moduko abeslari bategaz elkarlanean sortzea. Durangon egin ahal izatea, gainera, luxua da. Aspaldian Zuberoan esperimentatzen dabiltza eta hori ekartzera ere bagatoz.
Ez gaude ohituta prozesu sortzeaileak ikustera.
Sarri, ikusten duguna prozesuaren azken emaitza da, baina horra ailegatu arteko dena galtzen dugu. Hain zuzen ere, horixe izango da gure proposamena: nola sartzen garen prozesu batean, eta bertan esperimentatzen duguna. Izan ere, horrek elikatzen zaitu artista legez; oso baliotsua da eta obrak eurak ulertzen ere laguntzen du. Gero, gehiago edo gutxiago gustatuko zaizu obra, baina lagungarria da ikusteko artista zelan ailegatu den horra. Eta hori bizi ahal izatea aukera itzela da. Gurea, gainera, performance bat da, ez antzezlan bat, eta, beraz, ez dakigu nora helduko garen. Hori ere oso polita da, benetako prozesu bat biziko dugulako. Ikuslea bera prozesuaren parte izango da, bertan egonda.
Durangar legez, ilusioa egiten dizu bertan egiteak?
Bai, jakina! Aurretik ere egonikoa naiz beste berbaldi batzuk ematen, arte feministaren inguruan, adibidez. Giovanni Battista Piranesiren Roma imaginada erakusketaren harira, tailer bat ere eman nuen. Normalean, ideia beraren inguruan aritzen naiz, zelan eta zergaitik ailegatzen den pertsona bat sortzen duena sortzera. Tailer horretan ikusi genuen, adibidez, nondik sortu zuen Piranesik, eta, hortik abiatuta, parte hartzaileek euren sortzeko gaitasunagaz jolastea gura izaten dut. Nire proposamena, bai modu pedagogikoan eta baita artista legez ere, denok garela sortzeko gai erakustea da. Beste gauza bat da sorkuntza horregaz zer egiten den erabakitzea, baina denok gara sortzeko gai. Prozesu hori bizi ahal izatea aukera bat da, eta performance honegaz ere horixe erakutsi gura dugu, denok dugula prozesua bizitzeko aukera. Agian, etxean sortuko duzu, txoko batean eta zuretzat, baina denok dugu sortzeko gaitasuna.
Denok gara sortzeko gai, baina badago garai bat, eskola sasoian, hori moztu egiten dena. Sortzeko bide bakarra dagoela dirudi hor, emaitzari begirakoa. Eta emaitzatik urrunduz gero, askeagoak gara sortzeko. Horregaitik da hain garrantzitsua horrelako prozesuak erakustea eta bizitzeko aukera izatea. Hori berreskuratu gura dugu. Azken emaitza ez da hain garrantzitsua. Gero, hori erre, gorde, saldu edo erakutsi egin dezakezu, baina bizitakoa da geratzen dena. Horretan oinarritzen gara gero artistak. Prozesu hori erakusteak zeozer mugituko dio ikusleari barruan. Gustatuko litzaidake ikusleak prozesua ikusita, berak ere probatu dezakeela konturatzea, bere gustu edo baldintzen arabera, jakina.