Durangoko hiri-autobusa eguaztenean ipiniko dute martxan

E.H. 2026ko ekainaren 29a

Hiri-autobusaren seinalea Fray Juan Zumarraga kalean.

Proba pilotu modura ipiniko dute martxan, uztailaren 1etik 31ra bitartean. Hamahiru geraleku izango ditu, eta bidean, Madalena eta Tabirako igerilekuak lotuko ditu.

Durangoko Udalak zerbitzu publiko berri bat estreinatuko du eguaztenean: autobus urbanoa. Proba pilotu modura estreinatuko dute, uda sasoian, erdiguneko kaleak eta Tabirako igerilekuak lotzeko. Zerbitzua eguaztenean ipiniko dute martxan, uztailak 1, eta hilaren 31ra arte egongo da martxan. 

Zerbitzua probaldian egongo dela eta, udalak doan eskainiko ditu bidaiak, astelehenetik barikura. Ordutegi bi izango ditu, 11:00etatik 14:00etara goizetan, eta 16:30etatik 21:00etara arratsaldeetan. Zerbitzuaren maiztasuna 40 minutukoa izango da, eta autobusak 27 minutu beharko ditu gutxi gorabehera, herriko kaleak zeharkatu eta ibilbidea osatzeko. 

13 geraleku

Autobusak Madalenan hasiko du ibilbidea, eta herriko puntu hauek zeharkatuko ditu gero: Olleria, Faustekalea, Zeharmendieta, Larrasoloeta eta Zumar kalea. Handik Tabira aldera egingo du, Ibaizabal ikastolaren ondora. Bidean aurrera eginda, autobusak errepide nagusiko biribilgunea inguratuko du gero, eta Tabira kalean sartuko da, handik igerilekuetara egiteko. Herrigunerako itzulera Gasteiz Bidetik egingo du. Azkenenengo geldialdiak Otamotzena, Aramotz, Sasikoa eta Fray Juan Zumarraga kaletan egingo ditu. Azken kale horretatik bueltatuko da Madalenara. Era berean, Durangoko Udalak jakinarazi du geraleku bi egokituko dituztela mugikortasun urriko pertsonentzat.

Zerbitzu pilotua martxan ipintzeak 14.658 euroko kostua izango du. Horrez gainera, beste 17.470 euro inbertitu dituzte azpiegiturak egokitzeko eta geralekuak seinaleztatzeko. Mireia Elkoroiribe alkateak esan duenez, esperientzia pilotu horrek “haren benetako erabilera ebaluatzeko eta, datuekin, udalerrian behin betiko ezartzeko aukera baloratzeko balioko du”.

Hiri-autobusa Alderdi Popularraren proposamena da, 2025eko udal aurrekontuak onartzerakoan, EAJk eta PSE-EEk aintzat hartu zutena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!