Zelan bururatu zitzaizun lekukotzak batuta Jorge Oteizaren irudia marraztea?
Dibulgaziozko saiakera bat nik neuk idatzi beharrean, Oteizagaz hartu-emana izan zuten 36 pertsonaren iritziak biltzea bururatu zitzaidan. Horrela, Pamiela argitaletxearen Lo que sabemos de... bildumarako liburua idatzi dut. Egile bakoitzak eskultorearen alderdi bat lantzen du. Izan ere, Oteiza oso garrantzitsua izan zen poeta legez, baina baita arkitekto eta eskultore legez ere. Batez ere eskultore legez. Oteizaren dena bere eskulturatik abiatzen da. Bestalde, dagoeneko badira hiru biografia konbentzional, sarreran aipatzen dudan moduan, bibliografian jasota daudenak. Eta uste dut Oteizari buruzko beste saiakera bat gehiegizkoa izango zela. Bereziki, Pelayo Orozcok 1978an idatzitako liburua dago.
Bakoitzak modu desberdinean ipini du bere alea?
Lau alderdi garrantzitsu daude. Pertsona batek gerra aurreko Oteizari buruz berba egiten du, Hego Amerikako garaikoak. Beste batek Madrilen bizi izan zen garaiaz. Beste batek Bilbon bizi izan zen garaiaz. Eta beste batek Irunen bizi izan zen garaiaz. Hori guztia ez da inoiz liburu batean bildu; hauxe da egiten den lehenengo aldia.
Zertan dira berdinak hain arlo desberdinetako pertsona horiek?
Denek Oteiza ezagutu izana funtsezko alderdia da. Denek izan zuten haren eragina, eta estimu handia diote. Ez dut inoren kritika negatiborik jaso. Adibidez, Miguel Sánchez-Ostizek poetaren ikuspegitik berba egiten du hari buruz. Beste batzuek arkitekto ikuspegitik. Beste batzuek, logikoki, Badiolak kasu, eskultore legez. Paulino Viotak, ostera, zinemagile legez.
Eskultorea izateaz harago, Oteiza intelektuala zen.
1958an eskultura utzi zuen. Bere ikerketa artistikoa amaitutzat eman zuen, nahiz eta hori ez den guztiz egia; gero ere jarraitu zuen gauzak egiten; Tizen Laborategia, esate baterako. Baina gero kultur aktibista izateari ekin zion. Adibidez, berak ipini zion izena Ez Dok Amairu taldeari. Mikel Laboa kontsulta egitera joan zitzaion eta Oteizak honela erantzun zion: "Jarri Ez Dok Amairu". Zuberoako kanta baten izena da, eta hauxe esan gura du: «Ez gara hamahiru, infinituak gara». Ez Dok Amairu Jorgeren ideia izan zen.
Oteizaren umorea ere azpimarratzen da.
Gabriel Blancok esaten zuen Oteiza umorista zela funtsean.
Lekukotzez gainera, oso argazki bereziak ere badaude liburuan.
Argazkiek eman didate lanik gehien; izan ere, Oteiza Museoan ikertzen aritu naiz, familiaren argazkiak aztertzen, bere iloba Pilarrenak, eta beste bildumagile pribatu batzuenak ere bai. Kostatu egin zait 190 argazki biltzea. Ez dira Jorgeren argazki tipikoak.
Lan hau guzti hau egin ondoren, esango zenuke gehiago hurbildu zarela Oteizarengana?
Niretzat poz handia izan da, asko ikasi baitut. Lehendik ere asko nekien, pertsonalki ezagutu bainuen eta haren obra gaztetatik ezagutu bainuen —15 urte nituela irakurri nuen Quosque tandem!—. Ordutik Jorgeren arrastoari jarraitu diot, eta hartu-emana ere izan nuen beragaz.
Kontatzen dudan azken pasadizoa da hil aurretik Bilboko museora etorri zitzaidala bisitan, eta esan zidala: "Bidaiara noa". Galdetu nion: "Nora zoaz? Greziara?". Eta hark erantzun zidan: "Ez, ez. Hiltzera noa. Lagunei agur esatera noa, eta hil egingo naiz". Orduan, museoan sartu ginen. Hura izan zen ikusi nuen azken aldia.
Durangoko Museoak Oteizaren inguruan duen erakusketak eta argitaratu berri duzun lanak bat egin dute. Zer iruditzen zaizu erakusketa berezi hau?
Bikaina iruditu zait, sei eskultura eta hamahiru collage baititu. Eskulturak ospetsuagoak dira, baina oso ondo aukeratuta daude, eta Jorgeren ibilbide eskultoriko osoa oso modu sinplean erakusten dute. Gainera, 1978an Bilbon egin genuen erakusketa handi baten aurrekaria da; Txomin Badiolak egin zuen, eta Propósito Experimental zuen izena. Beraz, norbaitek Oteiza ezagutu gura badu, Durangoko Museora joan beharko luke eta erakusketa hau ikusi; izan ere, Jorgeren ibilbide osoa modu sakon eta sintetikoan azaltzen du.
Ekainaren 30ean Durangoko Arte eta Historia Museoan aurkeztuko duzu liburua. Zelan prestatu duzu ekitaldi hori?
Liburuan parte hartu duen Mikel Onandiagaz batera aurkeztuko dut. Oso interesgarria izango da, Jorgeren ibilbideaz eta bizitzaz berba egingo baitugu. Proiektatuko ditugun argazkien hautaketa bat egin dugu, eta liburuan idatzi duten pertsonen inguruan ere berba egingo dugu. Beraz, liburuaren edukia oso ondo azalduko dugu, eta uste dut aurkezpena oso esanguratsua izango dela.
Beste data esanguratsu bat Museoaren 40. urteurrena da.
Jakina, ni sortzaileetariko bat izan nintzen. Bizirik dagoen sortzaile bakarra naiz. Beste guztiak hil dira; neu nintzen gazteena. Eguenean ospatu zen 40. urteurrena. Pozik nago museo hori, egitea asko kostatu zitzaiguna, oraindino hor dagoelako. Bereziki Leopoldo Zugaza sortzaileagaz batera, asko kostatu zitzaigun bilduma osatzea. Eta bilduma zoragarria da: euskal arte garaikidearen bilduma iraunkorra. Durangorentzat oso museo egokia da. Gainera, maila handiko erakusketak egiten dira: Chillidarena, Picassoren grabatuena, Regoyosena, eta beste artista batzuena ere bai, agian hain ospetsuak ez diren arren. Baina beti kalitate handiz eta tokikoari zein Euskal Herri osoari lotutako interesa agertuta.