Kolonbiako Nasa herriko ordezkariak Durangon izan dira bisitan, udalaren eta Garabide elkartearen arteko lankidetza tarteko. Udal iturrien berbetan, bisita horrek herri bien arteko harremana sendotzeko balio izan du, kultura eta hizkuntza-biziberritze prozesuetan elkarlanean jarraitzeko bereziki. Udalak 16.000 euroko ekarpena egingo du norabide horretan. Diru-laguntza horri esker, Nasa Yuwe hizkuntzaren erabilera indartuko dute Caucako eskualdean, irakasle indigenen prestakuntza lagunduz eta beren errealitatera egokitutako tresna pedagogikoak garatuz.
Nazioarteko aitortza
Nasa herriaren bisitak garrantzi berezia hartu du aurten, komunitate horretako Pentsamenduaren eta hitzaren haria (Ju'gthë'sx Pthuuse'jnxi's) programak Linguapax Nazioarteko Saria jaso baitu. Sari horrek komunitateak Nasa Yuwe hizkuntza berreskuratzeko egindako lana goratu du, murgiltze eredua eta belaunaldien arteko transmisioa nabarmenduz.
Akordio horren bidez, Durangoko Udalak hizkuntza-aniztasunarekiko duen konpromisoa berretsi du, herrien nortasuna hizkuntzaren eta kulturaren bidez indartzen duten ekimenak babestuz.