15 aparkaleku kenduko dituzte Sasikoan, segurtasuna hobetzeko

E.H. 2026ko ekainaren 22a

Durangoko Udalak Sasikoa eta Artzetaungana kaleak berrantolatuko ditu datozen asteetan, trafikoaren arintasuna eta segurtasuna hobetzeko asmoz.

Neurririk esanguratsuenetako bat Sasikoan hartuko dute: lineako aparkalekuko 90 metro inguru kenduko dituzte, hau da, 15 bat aparkaleku. Udalak erabakia arrazoitu du: "Egiaztatu da egungo galtzadaren zabalerak 3,30 eta 3,40 metro artean neurtzen duela, eta baterian zein lerroan dagoen aparkalekuak zailtasunak sortzen dituela zirkulazioan. Horrek maniobrak zailtzen ditu eta herritarren artean segurtasun-ezaren pertzepzioa eragiten du, nahiz eta abiadura murriztuko bidea izan". Hori horrela, aparkalekuak kenduko dituzte, eta segurtasun zerrenda bat sortuko dute oinezkoen eta gidarien segurtasun-pertzepzioa hobetzeko. Lan horiek 21.138 euroko aurrekontua izango dute.

Bestalde, Artzetaungana kalean (Landako eta Olleria kaleetatik gertu) zirkulazioaren noranzkoa aldatuko dute. Aldaketa horren helburua Abadiñorako eta N-634 errepiderako lotura zuzenagoa eskaintzea da, ibilgailuek Txibitenatik eta osasun zentroko biribilgunetik igaro behar izatea saihesteko.

Udalak esan du esku-hartze horiek udalerriko mugikortasun estrategiaren parte diraela, bide seguruagoak eta ordenatuagoak lortzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!