Aitor Iturriagak eta Bittor Zabalak Batalla de Rande zeharkaldia osatu dute igerian

J.D. 2026ko ekainaren 22a

Aitor Iturriaga eta Bittor Zabala zapatuan, proba hasi aurretik ateratako argazkian.

Zortzi ordutik gora behar izan dituzte ibilbideko 27 kilometroak osatzeko.

Aitor Iturriaga eta Bittor Zabala durangarrek Vigoko itsasadarra igerian zeharkatzeko Batalla de Rande proba gogorra osatu zuten zapatuan. Galiziako Cíes uharteetatik abiatu eta San Simón uharteraino doan 27 kilometro inguruko ibilbidea egin zuten.

Iturriagak 8 ordu eta 35 minutuan osatu zuen zeharkaldia, eta Zabalak 9 ordu eta 20 minutuan. Proba honek Vigo itsasadar osoa zeharkatzen du, Rande zubiaren azpitik igarota, eta distantzia zein itsas korronteengatik erronka handitzat jotzen da ur zabaleko igerilarien artean.

Iturriagarentzat hirugarren aldia izan da zeharkaldia egiten. Azaldu duenez, urtean horrelako erronka bat egitea gustatzen zaio. "Guretzat maratoi bat egitea modukoa da", adierazi du. Emaitzarekin eta egindako lanarekin pozik agertu da, horrelako proba bat prestatzeko "urte osoan entrenatzen eta kilometroak pilatzen" aritzen baitira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!