Durangoko Udalak lehiaketa publikora atera du Tabiran belar artifizialeko futbol zelai berria egokitzeko proiektuaren idazketa. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 74.793,38 eurokoa da, eta enpresa interesdunek uztailaren 6ra arteko epea dute eskaintzak aurkezteko. Zelai berria gaur egungo futbol zelaiaren ondoan kokatuko dute, haren atzealdean. Gaur egungo harmailak berrerabiliko dituzte horretarako, eta "diseinuak ingurunearen topografia eta paisaia errespetatuko ditu".
Tabirako kirolgune berrituak 53.000 metro koadro baino gehiagoko azalera izango du. Futbol zelai berriaz gainera, erabilera anitzeko kantxa berria, aldagelak eta kafetegia atonduko dituzte. Lanok faseka egingo dituzte, 2026aren amaieratik 2028aren hasierara bitartean. Mireia Elkoroiribe alkateak kirolgune berriaren garrantzia azpimarratu du: “Mugarri bat da Durangoko kirolarentzat. Tabirako instalazio askok egiturazko akatsak zituzten eta zaharkituta zeuden; ez zieten erantzuten gure klub eta kirolarien beharrei”. Alkateak gaineratu duenez, lehen mailako kirol gune bihurtu gura dute Tabira.