Kuir Eztandak "oldarraldi erreakzionarioari" aurre egiteko mobilizazioa egingo du Durangon

Ekaitz Herrera 2026ko ekainaren 22a

"Besteak beste, faxistek eta TERFek bat egin dute gizartea zatitu eta gurekiko mesfidantza zabaltzeko, eta ondorioak agerikoak dira: Bernedoko udalekuen gaineko debekua dugu adibide", esan du kolektiboak. Ekainaren 25ean egingo dute manifestazioa, eguenean, 19:00etan, Andra Maritik hasita. 

Ekainaren 28an LGTB Harrotasunaren Nazioarteko Eguna aldarrikatuko da mundu zabalean, eta Durangoko Kuir Eztandak mobilizatzera deitu du. Kolektiboaren arabera, egungo gizarte testuingurua "oldarraldi erreakzionarioak" baldintzatuta dago, eta, horrenbestez, "kuir komunitatea bestelako biolentzien jomuga ere badago": "Besteak beste, faxistek eta TERFek bat egin dute gizartea zatitu eta gurekiko mesfidantza zabaltzeko, eta ondorioak agerikoak dira: Bernedoko udalekuen gaineko debekua dugu adibide", azaldu du talde durangarrak.

Era berean, kuir izateak oinarrian "sistema kapitalistaren aurka aritzea" dakarrela azpimarratu dute, hau da, "menderakuntza mekanismo ororen kontra, eta gainontzeko kolektibo zapalduekin aliantzan" aritzea. Zentzu horretan, pertsona trans eta arrazalizatuak izan dituzte gogoan, baita poliziak hainbat "gorputz eta kolektibo zaurgarriren kontra" egindako erasoak ere. Errekaleorreko istiluak (Gasteiz) eta Ertzaintzak Loiuko aireportuan Flotillako kideei eginiko "harrera bortitza" izan dute gogoan. "Guk argi dugu: borroka barik ez da askapenik izango", nabarmendu du Kuir Eztandak.

Stonewall gogoan

Kuir Eztandak Harrotasunaren jatorri politikoa aldarrikatu du. Izan ere, sexu, identitate eta genero askapenerako mugimenduarentzat data seinalatua da ekainaren 28a, 1969ko egun hartan sortu zen-eta mugimendu horren txinparta, New Yorkeko Stonewall Inn tabernan. Ostatua identitate disidenteen eta bazterreko pertsonen bilgune zen sasoi hartan, eta poliziak sarekada eta eraso etengabeak egiten zituen taberna barruko kideen kontra. Alabaina, 1969ko ekainaren 28an, transak, arrazalizatuak eta homosexualak errepresioaren kontra matxinatu ziren. Istiluek hainbat egunez izan zuten segida, harik eta komunitatea sexu askapenaren mugimendua gorpuzten eta urtero-urtero askatasuna aldarrikatzen hasi zen arte.

Kuir Eztandak eguenean, ekainak 25, egingo du mobilizazioa. Manifestazioa 19:00etan irtengo da Andra Maritik. Bestalde, Bizkaiko Ekainaren 28ko koordinadorak manifestazioa egingo du Bilbon, ekainaren 28an bertan. Mobilizazioak Indautxuko plazatik irtengo du 17:00etan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!