300 lagunetik gora batu dira Durangon osasun publikoaren aldeko manifestazioan

Anboto 2026ko ekainaren 19a

Gaurko manifestazioa, Durango Alde Zaharretik.

Amaieran, ekainaren 26an Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean egingo den kontzentrazioan parte hartzeko deia egin dute.

300 lagunetik gora batu dira gaur eguerdian Durangon osasun publikoaren alde eta osasun-sistemaren "pribatizaziorako urratsak" salatzeko egin den manifestazioan. Durangaldeko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, mobilizazioa udaletxeko plazan hasi eta alde zaharreko kaleak zeharkatu ondoren espezialitateetako anbulatorioaren ondoan amaitu da.

Bertan, euskaraz eta gaztelaniaz irakurri duten agirian, Eusko Jaurlaritzaren politikak kritikatu dituzte, osasun-sistema "pribatizaziorantz" doaela iritzita. Era berean, Zaldibar eta Elorrio moduko herrietan "mediku falta" dagoela salatu dute, eta baita "itxaron-zerrenda luzeak" daudela ere.

Antolatzaileen arabera, manifestazioan Durango, Iurreta, Berriz, Zornotza, Zaldibar, Elorrio eta hainbat herritatik etorritako 300 lagunetik gora batu dira. Amaitzeko, ekainaren 26an Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean egingo den kontzentrazioan parte hartzeko deia egin dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!