ELAk Durangon dagoen Gizarte Segurantzaren bulegoa ixtearen kontra protesta egin du

Anboto 2026ko ekainaren 19a

Gizarte Segurantzan azken urteotan dagoen langile falta salatu du ELA sindikatuak, eta zerbitzu horren kudeaketaren transferentzia burutzea eskatu du. Hori gauzatu bitartean, lanpostu eta hautaketa proba horien lurraldetasunaren irizpidea kontuan hartzea exigitu dute.

Joan zen ekainaren 1etik itxita dago Durangoko Gizarte Segurantzaren Bulegoa, ELA sindikatuak azaldu duenez. "Langile faltagatik dago itxita, eta gerta liteke gehiago ez irekitzea, herritarrei zerbitzu publiko bat kenduz". Ildo horretan, ELAk dio Durangoko bulegoaren eta aurretik ere itxi eman diren beste bulego batzuen itxierak erakusten dute "estatuko administrazioan eskaintzen diren lan baldintzak nahikoak ez direla Euskal Herrian modu duin batean bizi ahal izateko". Bada, "langile eskasiak ondorio larriak dakartza herritarrei kalitatezko zerbitzu publiko bat eskaintzerako orduan".

ELAk jakitera eman duenez, langile falta "handia" dago Gizarte Segurantzan. Lantaldearen zahartzea da arrazoietako bat. "Jendea jubilatzen ari da eta lanpostuak ez dira betetzen. Horrek bulegoak ixtea dakar, besteak beste". Gaineratu dutenez, "une larrietan partxeoak egin dituzte egoera hobetze aldera, baina ez da nahikoa. Estatuko Administrazioa jakitun da egoera honetaz, baina ez dute ezer egiten".

Enplegu Publikorako Eskaintza (EPE)  ateratzea ez da nahikoa ELAren ustez. "Administrazio osorako deialdiak egiten dituzte, ministerio eta probintzia bakoitzeko errealitateak kontuan izan gabe.  Ondorioz, Huelvan lan egiten duen pertsona batek Bizkaian lan egingo duen baten baldintza berdinak izango ditu. Ostera, bizi baldintzak erabat desberdinak dira lurralde batean edo bestean." ELAk nabarmendu duenez, "beharrezkoa den kalitatezko zerbitzu publiko on bat emateko, Euskal herrian lanean dauden estatuko administrazioko langileentzako lan baldintza propioak negoziatu behar dira".

Horregaitik, Gizarte Segurantzaren kudeaketaren transferentzia burutzea eskatu du ELAk. Eta, hori gauzatu bitartean, lanpostu eta hautaketa proba horien lurraldetasunaren irizpidea kontuan hartzea exigitu dute. "Kontuan har daitezela EAE eta Nafarroako errealitateak lanpostuak eskaintzerako orduan: langile falta, bizi-maila, hizkuntza...", zehaztu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!