Mugarra Triatloi Taldeko eskolak Espainiako federazioaren Urrezko Domina jaso du, harrobian egindako lanagatik. Zehazki, sari honek kirol prestakuntzaren bikaintasuna, triatloien balioekiko konpromisoa eta azken urteetan harrobia bultzatzeko eta gazteen artean kirola sustatzen egindako lana aitortzen ditu.
Horrela, Mugarra TT federazioak ematen duen aitorpenen gorenean kokatu da, 2024an Zilarrezko Domina jaso ostean. Espainia osoan 36 triatloi eskolek bakarrik dute Urrezko Domina. Une honetan Mugarra TTk 65 ume ditu eskolan eta beste 45 kirolari federatu ere baditu.
Durangoko Udalak lorpena aintzatesko harrera instituzionala egin dio gaur. Mireia Elkoroiribe alkateak triatloi kluba zoriondu du. "Sari honek kirol emaitzak baino askoz gehiago aitortzen du. Hainbat urtetako lana, konpromisoa, esfortzua eta dedikazioa aitortzen ditu", adierazi du.
Mugarra Triatloi Taldeko kideek eskerrak eman dizkiete urteetan zehar izan dituzten babesle, kirolari, entrenatzaile eta herritar guztiei. Horrekin batera urtean zehar antolatzen dituzten ekintzetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.
Triatloi txikia
Ekimen horietako bat datorren zapatuan da, ekainak 20: Triatloi Txikia. 09:45ean hasiko da, Tabirako igerilekuan. Probak hainbat kategoria izango ditu, benjamin aurrekoetatik hasi eta haur-kategoriaraino. Interesdunek izen-ematea RockTheSport.com webgunean egin dezakete; baita egunean bertan ere.
Mugarra TTk urtean zehar antolatzen duen beste ekimen bat aurten urriaren 3an izango den Durangoko mendi duatloia da. Goizean umeen probak eta duatloi inklusiboa egingo dituzte. Ondoren, duatloi herrikoia egingo dute. Azken hau azken urteetan indarra galdu duen lasterketa dela aitortu dute eta aldaketak pentsatzen dabiltzala bultzada bat emateko. Azkenik, Euskadiko mendi duatloien zirkuituaren barruko proba antolatuko dute.