Durangoko Udalak aurreratu egin du Aramotz eta Tabirako ur parkeen irekiera. Gaurtik aurrera erabilgarri daude. Udal arduradunek jakitera eman dutenez, aisialdi eskaintza "indartuko" dute udan, "bero handieneko egunetan gozatzeko espazio egokiak eskainiz".
Gainera, ekainaren 18an, Tabirako udako igerilekuak zabalduko dituzte. Bonuak eskuragarri daude Durango Kirolak aplikazioan, www.durangokirolak.net webgunean edo Landako II kiroldegian.
Tabira Kirolgunearen eraldaketa-prozesua aurrera doala adierazi dute udal ordezkariek. "Orain arte, iragazketa-gela berri bat eraiki da, aldagela modularrak instalatu dira eta eraikin zaharrak eraitsi dira, kirol-ekipamendua modernizatzeko proiektuaren barruan". Udako denboraldia amaitu ondoren, lanen fase berri bati ekingo zaiola aurreratu dute: aldagela berriak, kafetegia, erabilera anitzeko kantxa eta futbol zelai bat eraikiko dira. Udalak kirol ekipamenduak hobetzen eta herritarren beharrei erantzuten
dieten "kalitatezko espazioak" eskaintzen jarraitzea du helburu.