Euskara sustatzeko baliabideak prest Durangon, merkatarientzat eta ostalarientzat

E.H. 2026ko ekainaren 12a

Udalak diruz lagunduko ditu komertzioetako errotuluak, webguneak eta publizitate materialak euskaraz edo modu elebidunean egokitzeko gastuak. Gainera, sektoreko langileak euskalduntzeko ikastaroak antolatzea aztertuko dute.

Durangoko Udalak dirulaguntza pakete bat aktibatu du herriko komertzioetan euskara bultzatzeko. Batetik, udalak diruz lagunduko ditu establezimenduetako errotuluak, web atariak eta publizitate materialak euskaraz edo elebitan egokitzeko gastuak. Gainera, .eus domeinuaren urteko kuotaren erdia ordaintzeko laguntzak eta idatzizko komunikabideetan euskarazko publizitatea egiteko babesa eskainiko du. Era berean, sektoreko langileen beharretara egokitutako euskalduntze-ikastaroak antolatzeko aukera ere zabaldu dute. Bestetik, sektoreko langileen beharretara egokitutako euskalduntze-ikastaroak antolatzea aztertuko dute.

Aipaturikoez gainera, euskararen erabilera errazteko tresna bi martxan daudela gogorarazi dute. Euretariko bat Euskararen Telefonoa da, testuen zuzenketak, itzulpenak eta aholkularitza eskaintzen duena. Horretarako, merkatariek euskara@durango.eus helbidera edo  630 474 332 WhatsApp zenbakira bidali beharko dituzte mezuak. Era berean, 'Euskaraz barra-barra' dioen pegatina prest dago, komertzioetan ipini eta bezeroei euskaraz berba egin dezaketela adierazteko. 

Paule Sanchez Euskara zinegotziak adierazi duenez, egitasmoaren helburua "herritarrek eremu publiko eta profesionaletan euskara modu naturalean erabili ahal izatea" da. Informazio guztia eta eskaera orriak durango-euskaraz.eus atarian daude eskuragarri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!