DKTk Durangon jokatuko du Lehenengo Mailan jarraitzeko azken jardunaldia

J.D. 2026ko ekainaren 11

Ainara Mugartegi DKTko atleta, Iker Txertudi Durangoko Udaleko kirol zinegotzia eta Joseba Bikandi DKTko presidentea gaurko aurkezpenean.

Zapatuan mailari eutsi gura dioten zortzi talde lehiatuko dira Durangon.

Durangoko atletismo pistak hitzordu garrantzitsu bat hartuko du zapatuan, 17:00etatik 20:45era: Espainiako Lehenengo Mailari eutsi gura dioten gizonezko zortzi kluben arteko hirugarren eta azken jardunaldia. 

Klub bat eskualdekoa da, Durango Kirol Taldea (DKT). Sailkapenean ondo kokatuta dago aurreko bi jardunaldietan egindako lanari esker, baina atleta garrantzitsu batzuk baja izango dira lesioen ondorioz. Horrela, "taldearen indarra" izango dute iparrorratz, gaurko aurkezpenean adierazi dutenez, eta baita maila handiko atleta batzuen talentua ere, Ainara Mugartegi Euskadiko txapeldunarena, tarteko. DKTren atleta gehienak Bizkaikoak dira, eta batzuk eskualdekoak, Eneko Lambarri eta Ibai Garcia kasu.

Lehiaz haratago, goi mailako atletekin gozatzeko aukera egongo da Durangon. Hona izen batzuk: Jorge Hernandez Gomez (Atletismo Badajoz), Espainiako 20 urtez azpiko errekorduna 100 metrotan; David Garcia Zurita (Atletismo Badajoz), munduko txapelketan zilarrezko domina irabazitakoa 4X100 proban, edo eta Javier Cienfuegos Pinilla (Atletismo Badajoz) mailu-jaurtitzailea, bi Joko Olinpikotan egona eta erretirotik bueltan dena bere taldeari laguntzeko.

Iker Txertudi Durangoko Udaleko kirol zinegotziak DKTri zorte ona opa die eta herritarrak atletismo pìstara batzera deitu ditu goi mailako atletismoaz gozatzeko.

Zortzi taldetik bi jaitsiko dira. Une honetan honela dago sailkapena:

  1. Cordoba Patrimonios: 5 puntu
  2. Durango Kirol Taldea: 5 puntu
  3. Super Amara (Irun): 4 puntu
  4. Atletismo Badajoz: 4 puntu
  5. Atlertismo narón: 3 puntu
  6. Hiru Herri (Nafarroa): 2 puntu
  7. Celta de Vigo: 2 puntu
  8. Portugalete: 2 puntu

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!