Kontratua berritzeko prozesua arina izan da ala bere denbora eraman du?
Egia esanda, prozesu azkarra izan da, nik nahiko argi neukalako Athleticegaz jarraitu gura nuela. Gainera, klubak nire aldeko apustua egin du eta alde biak oso pozik gaudela esango nuke.
Zer izan da Athleticen partetik gehien konbentzitu zaituena kontratua sinatzeko?
Oso maitatua eta ondo baloratua sentitu naizela hemen. Hasieratik esan zidaten ehuneko ehunean nigaz kontatzen dutela eta taldearentzat eta klubarentzat oso jokalari garrantzitsua nintzela. Horrelako berbak entzunda, nork ez luke sinatuko?
Orain hamarkada bat Lezamara heldu berri zen Ireneri gaur egungo egoera kontatuko bagenio —Athleticeko kapitaina zarela eta kontratua berritu duzula—, zer esango luke?
Hasieran ez zuen sinetsiko halako ibilbidea egingo zuela. Gaur egungo Irene ere egoera apur bat asimilatzen dago oraindino. Azken batean, egunerokotasunean murgilduta, ez diozu buelta askorik ematen egindako ibilbideari, baina urte batzuk barru atzera begiratu eta egindako bidea ikustean, gehiago baloratuko dudala esango nuke.
Urte hauetan zer aldatu da gehiago, Irene jokalaria ala pertsona?
Pertsona esango nuke, askogaitik gainera, ze futbolak asko laguntzen dizu pertsona legez hazten. Jokalari legez ere aldatuko nintzen handik edo hemendik, baina batez ere pertsona legez aldatu naizela sentitzen dut.
Belauneko lesio larriak izan dituzu. Atzera begiratuta, lesioek zenbateraino egin dute gaur egungo Irene?
Irakaspen garrantzitsuak barneratu ditudala uste dut. Azken batean, egoera txarretatik gauza positiboak ateratzen ahalegindu behar dugu beti. Hori erakutsi didate lesioek. Asko ikasi dut bakarrik entrenatzen. Orain, taldeagaz egiten ditudan entrenamendu guzti-guztiak baloratzen ditut. Prozesu gatx horietatik asko ikasi dut eta ez nuke gertatutako ezer aldatuko. Lesioek niretzat garrantzitsua den jendea ezagutzera eraman naute, gaur egun oso lagun onak direnak.
Taldeko kapitaina zara. Zer eskatzen dizu rol horrek zelaian eta zelaitik kanpora?
Batez ere zelaitik kanpora eskatzen du gehiago: taldekideei laguntzea eta batez ere gazteak diren jokalariei apur bat erakustea Athleticek eskatzen duen eguneroko lana. Gure taldea oso gaztea da eta lehenengo taldean askotan jokatzen duten 18 urteko jokalariak daude. Eguneroko lanari garrantzi handia eman behar zaiola erakutsi behar zaie, ze bestela luzera begira aukerak amaitu egiten dira. Zelai barruan gehiago da unean uneko egoerak kudeatzea, taldekideei beti mezu positiboak ematea eta horrelako kontuak.
Liga zazpigarren amaitu duzue, seigarrenarengandik puntu batera. Denboraldiaren zer balorazio egiten duzu?
Denboraldi hasierako helburua apur bat gorago amaitzea zen. Iaz laugarren geratu ginen. Alde horretatik, ez da urte ona izan. Egoeragaz sufritu dugun lehenengoak jokalariak izan gara, emaitzak ez direlako heldu. Egiten dugun interpretazioa da 90 minutuetan detaileak zaindu ezik normalean galdu egingo duzula. Partidu nahikotxotan azken minutuetan edo deskantsutik bueltan sartu dizkigute golak. Hori apur bat aldatu behar dugu, eta horretatik ikasi datorren urterako.
Zelako urtea izan duzu arlo pertsonalean?
Partidu asko jokatu dut eta pozik nago. Horixe da nire helburua hurrengo urteetara begira, ahalik eta gehien jokatzea eta taldeagaz ahalik eta gehien egotea, horixe delako taldeari gehien laguntzeko modua. Uda honetan lan asko egingo dut denboraldiaurrean sasoi betean egoteko.
Lehen aipatu duzu gazte asko dabilela jokatzen. Apur bat heltzea falta zaio taldeari?
Egia da talde gaztea daukagula, baina lehenengo mailan partidu asko jokatutako jokalariak ere badaude. Beraz, esperientzia duen taldea ere bada. Uste dut nahasketa interesgarria dela. Talentu handia daukagu eta hortik abiatuta oso gauza onak lortu ditzakegulakoan nago.
Zugaz gainera, badago Durangaldeko beste jokalaririk taldean?
Irati Martin durangarra. Athletic B taldeko jokalaria da, baina denboraldiko azken zatian lehenengo taldeagaz entrenatzen aritu da. Etorkizuna duen jokalaria dela esango nuke. Hegaleko jokalari azkarra da eta oso dohain onak ditu.
Zein da Athleticen bete gura zenukeen amets bat?
Tituluren bat irabaztea. Egundokoa litzateke!