Joan zen barikuan Auzoko Elkarrizketak dinamika egin zenuten Durangon. Zelan joan zen? Zelako erantzuna izan zuen deialdiak?Saioa primeran joan zen. Hogeita hamar lagun baino gehiago batu ginen eta harrera bereziki polita izan zuen. Jasotako balorazioa ere nahiko positiboa izan zen. Horrelako saioekin agerian geratzen da, eta oraingoan ere geratu da, badagoela beharrizan bat hizkuntzatik ere harrera egiteko, badagoela beharrizan bat horrelako espazioak sortzeko; euskara bera erdigunean ipintzeko, baina bestelako hizkuntza eta identitateei ere aitortza egiteko. Gainera, hogeita hamar lagun inguru batzea bada adierazle bat, horrelako espazioek eta proiektuek jarraipen bat eduki beharko luketela.
Zein da egitasmoen helburua?
Proiektuen bitartez, hizkuntza-harrera egiten gabiltza. Hain zuzen ere, proiektu honen helburua oinarri bat zehaztea da, oinarri bat eraikitzea herrian bertan, zeinetan euskara erdigunean egongo den. Bertan, erdal eta euskal hiztunek elkar ezagutzeko aukera izango dute, elkarri aitortza egiteko eta bakoitzaren esperientzia eta bizipenetatik euren ekarpena egiteko.
Aipatu izan da jatorri eta errealitate linguistikoari erreparatuta inoiz baino Durango anitzagoa daukagula. Horrela da?
Bai. Datuek ere hori adierazten dute. Gure proiektu honetan badago dinamika bat datuei erreparatzen diena. Datu horietariko bat zen Durangoko %14k atzerriko jatorria zuela. Beraz, horrek ere adierazten ditu azken urteetako aldaketak, gertatu diren migrazio prozesuak. Azken finean, aniztasun hori baliatu gura dugu harrera egiterako orduan, euskarak ere salto kualitatibo bat emateko. Horretarako, euskaltzaleak bidelagun ditugu eta erdal hiztunak behar ditugu, euskaltzaleak izan daitezkeenak edo euskaltzale izateko bidean dabiltzanak.
Zeintzuk ondorio atera zenituzten Durangoko saiotik?
Proiektu honen ondorioak oso irekiak izan daitezke, baina horietariko bat izaten da horrelako saioek segida bat behar dutela. Eta ikusi dugu badaudela aukerak Taupak martxan duen bestelako proiektu iraunkorrago bat egiteko. Oraindino ez dakigu zein formatutan, honetaz sakonago berba egin behar delako. Baina uste dugu aukerak egon daitezkeela bestelako proiektu bat inplementatzeko, beti ere hizkuntza-harreraren eta aniztasunaren ikuspuntutik, herriko aniztasuna eta hizkuntza-aniztasun edo kulturartekotasun hori aintzat hartuta.
Horregaitik polita litzateke Berbaro euskara elkarteagaz eta Durangoko Udalagaz elkarlanean espazioak sortzen jarraitzea, eta bertako errealitatera eta bertako beharrizanetara apur bat egokitzea. Baita ere barikuko saioan parte hartu zutenek sentitzea ez dela izan bakarrik momentuko puntu motibagarri bat, baizik eta segida bat izan dezakeela eta beste bide batzuk ere bilatu daitezkeela elkarlanean jarraitzeko.