Durangoko 1.259 eskolaumek parte hartu dute marrazketa, pintura eta eskulan lehiaketan

Anboto 2026ko ekainaren 9a

Durangaldeko Artisten Elkarteak sari banaketa ekitaldia egin zuen asteburuan. 37 eskolaume igo ziren agertokira saria jasotzera.

Durangoko sei ikastetxeetako 1.259 eskolaumek parte hartu dute, aurten, Eskolarteko 17. Marrazketa, Pintura eta Eskulan Lehiaketan. Hainbat kategoriatan sailkatuta, gaztetxoek euren sormena, irudimena eta bizipen pertsonalak islatzeko aukera izan dute. Durangaldeko Artisten Elkarteak jakitera eman duenez, 720 sormen lan aurkeztu dira lehiaketara: 561 marrazki eta pintura, eta, 159 eskulan. Guztiak ikusgai egon dira Ezkurdi erakustaretoan.

Joan zen ekainaren 6an lehiaketaren sari banaketa egin zuten Ezkurdi aretoan. Guztira, 37 ume igo ziren agertokira euren saria jasotzera. Ekitaldian Durangoko udal ordezkariek ere parte hartu zuten.

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak José Luis Martinez de Antoñanaren figura nabarmendu zuen. Lehiaketa sustatu zuen Antoñanak eta Durangaldeko Artisten Elkarteko presidentea izan zen 20 urtetik gora. Berak utzitako ondarea nabarmendu zuten Durangaldeko Artisten Elkarteko ordezkariek ere bai. "Durangoko kultur panoramaren aberastasuna eta aniztasuna posible dira hura bezalako pertsonen dedikazioari esker", azaldu dutenez.

Arteak integraziorako, adierazpenerako eta garapen pertsonalerako duen balioa azpimarratu zuten Durangaldeko Artisten Elkarteko ordezkariek, sari banaketa ekitaldian. Baita kulturaren presentzia kalera hurbiltzeak eta ume eta gazteen egunerokoan normaltasunez txertatzeak duen garrantzia ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!