Durango tokiko kirolaren topagune bihurtuko da asteburuan. Herriko klub eta elkarteek askotariko kirol diziplinak ezagutaraziko dituzte Landako Gunean, herritarrak bizimodu osasungarrira batzera deitzeko. Horretarako, kirol erakustaldiak egingo dituzte, eta informazio guneak ipiniko dituzte herritarren zerbitzura. Egitaraua zapatuan hasiko da, goizez (10:00-14:00) eta arratsaldez (16:00-20:00) garatuko diren saioekin. Domekan, berriz, jarduerak goizez bakarrik izango dira, 10:00etatik 14:00etara. Horietan guztietan kirol jardueretara gerturatzeko aukera egongo da: futbolera, errugbira, xakera, pilotara, arku tirora, arte martzialetara eta txirrindularitzara, besteak beste.
Kirol Eguneko ekitaldi parte hartzaileetako batzuk kalistenia eta zumbathoia dira. Lehenengoa Ibaizabalgo parkean egingo dute, zapatuan. 10:00etatik 12:00etara 18 urtetik gorakoentzako saioa egongo da, eta 12:00etatik 14:00etara, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzakoa. Domeka goizean, berriz, 10:00etatik aurrera, zumbathoia egingo dute Landako Gunean, musika eta ariketa fisikoa batzeko. Iker Txertudi Durango Kiroletako zinegotziak kluben "konpromisoa eta talde-lana" eskertu ditu, eta herritar guztiak gonbidatu ditu parte hartzera: "Asteburu hau aukera paregabea da gure udalerriko kirolaren indarra eta aniztasuna gertutik ezagutzeko", adierazi du.