Durangoko Udalak alegazioak aurkeztu dizkio Bizkaibusen aurreproiektuari, zerbitzua "herritarren benetako beharretara egokitzeko". Udalak "lotune estrategiko modura" indartu gura du autobus zerbitzua, garraio publikoa alternatiba lehiakorra izan dadin ibilgailu pribatuaren aurrean. Eskaera zehatzen artean, autobus-ordutegi maiztasunak handitzea, irisgarritasun unibertsala bermatzea eta asteburuetan 00:30ak arteko gaueko zerbitzua ipintzea daude. Era berean, udalak Bilborako, Donostiarako, Leioako kanpuserako, Loiuko aireporturako eta Galdakaoko ospitalearekiko loturak hobetzea eskatu du, baita eskualdeko industrialdeetarako konexio seguruagoak izatea ere.