Medicus Mundi Bizkaiak Durangoko Udalarekin lankidetzan antolatutako 'Durangotik Hegoaldera' lehiaketaren hirugarren edizioa martxan da. Gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrekoan, osasunari, berdintasunari eta elkartasunari buruz herritarrak sentsibilizatu gura dituen programa.
Helburu bikotza du programa honek. Alde batetik, Durangon osasuna eta berdintasuna hobetzeko ekimenak proposatzea. Eta bestetik, parte-hartzaileek Guatemalako errealitatea ezagutzea, Medicus Mundik bertan garatzen dituen proiektuak bertatik bertara ezagutuz.
Lehiaketan 18 urtetik gorako hiru pertsonako taldeek har dezakete parte, eta horietatik gutxienez bi Durangon bizi, lan egin edo jaiotakoak izan behar dira.
Azken ekitaldia, ostera, ekainaren 18aan izango da, 18:00etan, Andragunean. Bertan, talde bakoitzak bere proposamena partekatuko die gainerako taldekideei zein epaimahaiari. Honek erabakiko du zein den talde irabazlea.
“Lehiaketak Medicus Mundi Bizkaiaren eta Durangoko Udalaren arteko hamar urteko lankidetza sustatzen du, eta aukera ematen die herritarrei proiektu berritzaileak proposatzeko, Durango inklusiboagoa eta nazioarteko lankidetzarekin konprometituagoa izan dadin”, azaldu du Jesica Ruiz Durangoko Udaleko Inmigrazio zinegotziak.