Asko kostatu zaizu erabakia hartzea?
Beti kostatzen da, baina lesio larri asko izan dut azkenaldian. Esaterako, sorbaldan bigarren ebakuntza egin didate. Futbola ondo utzi gura nuen, ondo ibilita. Aurten polito eta gustura ibili naiz eta beste urtetxoren bat luzatu nezakeen beharbada, baina orain hiru hilabete meniskoa apurtu nuen eta hortxe erabaki nuen aurtengoa azkeneko urtea zela. Belauneko hirugarren ebakuntza izan da.
'One Club Man' izan zara, beti talde berean. Leialtasunagaitik izan da ala etxe inguruan eroso zeundelako?
Denagaitik apur bat. Jesuitetatik irten eta Kulturalean sartu nintzen. Niretzat ametsa zen hemen jokatzea. Beheko mailetan, klubetik kanpoko eskaintzak izan nituen, Arenasera joateko, esaterako, baina ikasketengaitik-eta, etxean geratu nintzen. Eta denbora aurrera doan neurrian, klubeko indentitatea barneratzen duzu. Zelaian nire herria defendatzea gustatu zait.
19 urtegaz debutatu zenuen lehenengo taldean. Gogoan duzu ligako partidu hura?
Ba hori baino gehiago gogoratzen dut denboraldiaurrean jokatu nuen lehenengoa. Orduan apurtu nuelako, lehenengoz, belauneko lotailu gurutzatua. Zapore txar hori dut: lehenengo partiduan, belauna apurtu. Ligako lehenengokoa ez dut ia gogoratzen.
Izan daiteke zorte txarragorik lesioekin?
Benetan ere! Umetatik haur kategoriara sekula ere ez nintzen lesionatu, ezta zaintiratu bat ere. Eta begira gerora. Egia esanda, ez dakit zergaitik gertatu den.
2018a, Bigarren B Mailara igo zineten urtea. Zelan gogoratzen duzu urte berezi hura?
Seniorretako lehenengo etapa polit horretako kolofoia izan zen. Gainera, hurrengo urtean klubak 100 urte egin zituen. Emozioz beteriko bi-hiru urte izan ziren. Sasoi hartan itzela zen Kulturalean jokatzea.
Itxaroten zenuten igotzea?
Urte ona egitetik gentozen. Igotzea espero zen? Beharbada bai, baina ez zen exijentzia bat. Eta, egia esanda, igoerakoak zortea ere alde duzun urte borobilak izaten dira. Txarto jokatuta ere irabazi egiten genuen. Gehitu horri jokalari onak, taldearen indarra, entrenatzailearen jokamoldean genuen konfiantza… Gure urtea zela sentitzen genuen.
Bigarren B Mailan, hamargarren jardunaldian heldu zen lehenengo garaipena. Hura beste mundu bat zen.
Igotzea oso zirragararria izan zen, eta beharbada ez genuen behar zen beste barneratu zein gogorra izango zen maila berria. Mirandes, Santanderko Racing… Sardineron jokatu genuen! Ez genuen presiorik izan, ez klubaren aldetik eta ez zaleenetik. Beste mundu bat zen, baina, benetan diot, denboraldi zoragarria izan zen.
Urte hartako zein partidu ez zaizu ahaztuko?
Aipatu duzun hori, lehenengo garaipena: 1-2 Sporting B-ren aurka. Partidua youtuben dago eta hiru bider ikusi dut. Irabazi genezakeela sinesteko balio izan zigun. Gainera, Gijonen asteburu-pasa geratu ginen eta oso oroitzapen onak ditut.
Zazpi urtean taldeko kapitaina izan zara. Zer esan gura du zuretzat besokoa eramateak?
Txikitatik izan dut rol hori. Jesuitetan ere argazkiak ditut besokoagaz. Nire izaeragaitik dela uste dut. Ez da izan gauza berri bat. Taldeak eta taldekideek konfiantza izan dute nigan.
Zer ikusi dute zugan konfiantza hori emateko?
Ez naiz jokalari espektakularra, baina uste dut albokoak hobetu egiten ditudala. Laguntzen ahalegintzen naiz. Horrela ikusten dut neure burua eta besteek ere horrela ikusten nautela esango nuke.
Lehen mailako zein jokalariren antzekoa zara?
Ez dakit esaten. Sasoi batean Carles Puyol ikusten nuen rol horregaz. Bera atzelaria izanda eta ni erdilaria. Ez zen zentral espektakularra, baina beti zegoen hor, edonori laguntzeko.
Zure ibilbideko zein momentu gogoratuko duzu betiko?
Bigarren B Mailarako igoera etxean lortu genuenean, Tabira beterik zegoela. Oilo ipurdia jartzen zait gogoratzen dudanean. Horrelako une bat berriro ikustea gustatuko litzaidake, baina une honetan gatx ikusten dut. Partidu hura aukeratuko nuke, baina baita izan nuen agurra ere. Ez zen posible izan zelaian agurtzea, baina momentu polita izan zen, nigaz jende asko akordatzen dela ikusi nuelako.
Etorkizunean, zelako Kulturalagaz amesten duzu?
Hirugarren RFEF Maila punta-puntako taldea izatea gura nuke, Durangaldeko jokalari askogaz jokatzen duena.
Futbola utzita, zeren falta igarriko duzu?
Egunerokotasunaren falta. Egia esanda, jokalariok kexatu egiten gara entrenamendu eta partidu asko izaten dugulako, baina gero giro horren falta igartzen dugu.
Futbola zein kirolegaz ordezkatuko duzu?
Kirol askotara gonbidatu naute! Eskerrak kirolzalea naizen: txirrindularitza, korrika egitea, padela, tenisa, frontenisa… Jendeari esan diot ez dudala astirik hainbeste kiroletan aritzeko. Lehengo batean rokodromora gonbidatu ninduten, baina ez dut neure burua arroka baten gora imajinatzen.
Aurrerantzean zer hartu-eman izango duzu Kulturalagaz?
Orain distantzia apur bat hartu gura dut, pare bat urte neuretzat hartu. Gerora, umeen talderen bat entrenatu gura nuke. Hori bai, Kulturaleko bazkide eta zale sutsua izaten jarraituko dut.
Gazte mailako talde biak mailaz igo dira. Harrobia indartsu dator?
Bai, eta konfiantza eman behar zaie gazteei. Konfiantza eman ezik ez dira inora helduko. Gero, badut gazteriari buruzko sentsazio arraro bat, orokorrean hartuta. Nire garaian, denok lehen taldera heltzea amesten genuen. Nire kasuan, gainera, anaia eta lehengusua han zebiltzan: Ibon eta Mikel Arizmendiarrieta. Orain, gazteen artean ez dut futbolagazko konpromiso eta pasio hori ikusten. Beste kontu batzuetara begira ikusten ditut. Futbola lehenago uzten dute. Ez dakit, bidean zeozer galdu dela sentitzen dut.
Anaia eta lehengusua erreferente izan dituzu?
Eskolan nagusitan zer amesten nuen galdetzean, "anaiagaz eta lehengusuagaz Kulturalean jokatzea" erantzuten nuen. Anaiagaz bi-hiru urtean kointziditu nuen. Bigarren B Mailako urtea izan zen euretariko bat. Lehengusuak ni lehenengo taldera igo aurretik utzi zuen.