Durangoko Udalak hasierako onarpena eman dio Landarte etxea zegoen eremua berrurbanizatzeko proiektuari. Lan horien bidez, oinezkoentzako guneak eta berdeguneak sortuko dituzte, eta aire zabaleko anfiteatro txiki bat ipiniko dute, bertan, formatu txikiko antzerkia, kontzertuak eta proiekzioak egiteko. Era berean, hobekuntzak egingo dituzte espaloietan, argiterian eta zuhaitzetan. Azken horien artean, lau likidanbar landatuko dituzte.
Udalak udazkenean hasi gura du lan horiekin. Jarduketak trenbide zaharra bide berde bihurtzeko lanekin bat egingo duela esan du.