Atletismoko Euskadiko txapeldunak Durangon erabakiko dira asteburuan. Ekainaren 6an eta 7an, maila absolutuko 600 atleta 44 modalitatetan lehiatuko dira txapela jantzi guran. Txapelketa Durangon jokatzea ez da kasualitatea: "Durangoko pista erreferentea da Euskadin. Txapelketarik gehien hartzen duen atletismo pista da, duda barik", azaldu du Bidezabaleko presidentea den Juan Ignacio Hernandezek gaurko aurkezpenean.
Zapatuako jardunaldia arratsaldez izango da: 15:30etik 20:10era. Domekakoa, berriz, goizez garatuko da: 09:00etatik 12:50era.
Eskualdeko atletak edo eskualdeko klubetan dabiltzanak ere lehiatuko dira. Bidezabalen partetik, Julene Bouzo ermuarra eta Paula Redondo Bizkaian bizi den palentziarra dira urrezko dominen borrokan aritzeko hautagai nagusiak. Biek markarik onenak dituzte aurten. Bouzo altura-jauzian ariko da eta Redondo, xabalina-jaurtiketan.
Euskadiko onenak erabakitzeko ez ezik, txapelketa hau Euskadiko selekzioa osatzeko hitzordu garrantzitsuena ere bada; izan ere, ekainaren 27an Logroñon jokatuko den autonomia erkidegoen arteko Espainiako Txapelketan parte hartuko duen taldea zehazteko balioko du.
Txapelketa Bidezabalek eta Euskadiko federazioak antolatuko dute, Durangoko Udalaren eta Rural Kutxaren babesarekin eta Mankomunitatearen laguntzarekin.
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak Bidezabalek 1982an sortu zenetik hona atletismoa sustatzen egindako lana balorean jarri du. "Udaletik Bidezabal zoriondu gura dugu bere ibilbideagatik eta eskerrak ematen dizkiogu atletismoaren, Durangoren eta harrobiaren aldeko apustua egiten jarraitzeagatik", adierazi du gaurko aurkezpenean.