Durangoko Autodefentsa Feminista Asanbladak (DAFA) baliabide gehiago eskatu ditu Indarkeria Matxistaren Unitatearentzat, zerbitzu horretako "lan-karga" dela eta. Asanblada feministak argitu du teknikariak "bikain" egiten duela bere lana, baina zerbitzuko lan-ildo biei erantzun ezinik ibiltzen dela sarri, artatzeari eta prebentzioari aldi berean ezin erantzunda. Hori dela eta, lan horiek guztiak pertsona bakar batek ezin dituela egin dio DAFAk: "Urgentziazko egoerek lehentasuna hartzen dute bestelako lanen aurrean, eta horrek zaildu egiten du lan sakonagoak egitea, eta, bereziki, prebentzioaren arloko lana behar bezala egitea". Hori horrela. "benetako apustua" egitea eskatu diote udalari, "indarkeria matxista desagerrarazteko benetako konpromisoa" baldin badago, DAFAren iritziz, "ezinbestekoa" delako "jatorrira jotzea". "Horregatik guztiagatik, emakumeei akonpainamendu jarraitua eskainiko dien figura egonkor bat sortzea proposatzen dugu", esan dute. Gaur egungo "teknikariaren lanpostutik bereizitakoa".
Halaber, asanblada feministak esan du unitatetik igarotako emakumerik gehienek "bide luze eta konplexua" egin behar izaten dutela "bizitza indarkeria-egoeretatik aldenduta berreraikitzeko". Horrek "bulegotik haragoko lana" eskatzen duela dio DAFAk, "aktibatutako baliabide guztien jarraipena egitea eta arlo pertsonal eta emozionalean akonpainamendua eskaintzea, besteak beste".
DAFAren berbetan, Indarkeria Matxistaren Unitateak 91 kasu erregistratu zituen iaz.