Ibaizabal Eskubaloi Taldeko kadeteak Bizkaiko Kopako azpitxapeldun geratu dira, emozioz betetako finalean

Anboto 2026ko ekainaren 2a

Ibaizabal Eskubaloi Taldeko kadeteen taldea. (Argazkia: Ibaizabal)

Gol bateko aldearekin galdu dute Bermeoren kontrako finala: 40-39.

Ibaizabal Eskubaloi Taldeko mutil kadeteen taldeak denboraldi bikaina osatu du, Bizkaiko Kopako txapeldunorde geratuta. Durangarrek 40-39 galdu zuten Bermeoren aurkako final emozionantea, azken segundora arte erabaki ez zen neurketan. "Beste behin ere euren lehiakortasuna eta zailtasunak gainditzeko gaitasuna erakutsi dituzte. Liga osoko plantillarik laburrenetako bat izan arren, taldeak lanari, sakrifizioari eta ahalegin kolektibo handiari esker egin die aurre oztopo guztiei. Horrek are balio handiagoa ematen dio denboraldi honetan lortutako arrakastari", adierazi dute klubetik ohar batean.

Lorpen "ikusgarri" honek etorkizunari "baikortasunez eta ilusioz" begiratzera garamatza, gehitu dute. Datorren denboraldian kadeteetatik gazte mailarako saltoa emango dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!