Proiektuaren sorburua Joseba Sarrionandiak Gandariasen inguruan egindako ikerketa da. Gandarias (1897-1949) Utah, Nevada, Kalifornia, Idaho eta Oregon aldean ibili zen eta Sarrionandiak hark utzitako bertso sortak eta istorioak bildu ditu We are plenty in here Euzkadin eginak liburuan.
Sarrionandiak eta Luhartzek aspalditik elkar ezagutzen dute. Ezer egin ezik bertsoak ahanzturan geratzeko arriskua zegoela eta, eurekin zeozer egin zitekeela proposatu zien Sarrionandiak. Hor du sorburua Plateruenean estreinakoz aurkeztuko duten proiektuak.
Platerueneko emanaldia "kontzertu narratibo" legez definitu du Luhartzeko Rafa Iriondok. Musika ez ezik, Gandariasen testuingurua eta historia ere azalduko dizkiote entzuleari, kanta bakoitzak bere zentzua hartu dezan. Publikoa Euskal Herritik Ameriketako artzainen garai hartako bizimodura eramango duen bidaia izango da. Gandariasen figura ezezaguna zen eta haren garrantzia nabarmendu gura dute. Eta baliteke 'Amerikak egitea' esaera apur bat desmitifikatzeko ere balio izatea. "Izan ere, bertsoek momentu onak eta txarrak islatzen dituzte, biak", esan du Iriondok. Esaterako, bertso batzuk familia batek Gandariasi egindako enkargua dira. Familia honek Gabonetan etxera bueltatu gura zuen 11 urtez Ameriketan dirua egin eta gero, baina 1929ko kraka gertatu zen eta dirurik barik geratu ziren. Orduan, Euskal Herriko familiari gertatu zitzaionaren berri emateko eskatu zioten Gandariasi. "Urte asko dituzten istorioak dira, baina muinean badute lotura gaur egunagaz, immigrazioa gaur egungo kontua ere bada eta. Orduan haiei gertatu zitzaiena beste batzuek bizi dute gaur egun", argitu du Iriondok.
23. bidaia Ameriketara
Joan zen asteburuan, Luhartz taldea Kaliforniako Bakersfield hiriko jaialdi batean izan zen, euskal diaspora zabala baitago han. Hiru kontzertu eman zituzten. Luhartzek AEBetara egiten duen 23. bidaia izan da hau. Iriondok esan du han kontzertuak ematea "plazera" dela beti, eta euskal kultura eta nortasuna bizirik mantentzeko egiten duten lana balio handikoa dela. "Lan itzela egiten dute euskal dantzari, kulturari eta jaiei eusteko, euretariko asko hirugarren belaunaldiko euskaldunak izan arren. Hori ikusgarria da".