Markel Sanchezek bere lehenengo nobela argitaratu zuen apirilean, Sorbatza. Zapalkuntza guztiak gainditu dituen etorkizun bateko gizartean kokatu du eleberria. Bertan, gazteek harago joan gura dute eta Sorbatza kolektiboa sortuko dute, artearen bitartez mundu askeago bati ateak zabaltzeko. Durangarra pozik dago orain arteko feedbackagaz. Dena dela, nobelak bere bidea egin eta gogotsu dago kritikak entzuteko. Mireia Delgadok lagunduta, etxean aurkeztuko du, datorren astean.
Zure lehenengo nobela idaztera animatu zara. Zelakoa izan da sortze prozesua?
Aspalditik idatzi izan ditut testu laburrak, beti niretzat edo lagun artean geratu direnak. Baina banuen ideia bat buruan: zelakoa izango ote zen kapitalismoa eta zapalkuntza guztiak gainditu dituen gizartea etorkizun batean. Zein baldintza berri sortuko litzatekeen sormenerako edo sorkuntzarako hartu-emanetan; zein gatazka eta eztabaida egongo litzatekeen. Hortik tiraka idazten hasi nintzen, eta ikusi nuen nobela baterako ideia egon zitekeela. Proiektua literatur beka baterako sortu nuen, eta irabazi ez nuen arren, Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren —epaimahaiko kide izan zen— nigaz hartu-emanetan ipini eta nobela garatzera animatu ninduen. Hiru urteko prozesua izan da, espero nuen baino luzeagoa. Baina pozik nago emaitzagaz.
Zein da trama?
2.054. urtean gertatzen da, balizko iraultza baten ondorengo gizartean. Mundu mailako eraldaketa handi baten ondorengo gizartean, gazte talde batek Sorbatza kolektiboa sortuko du, artearen bitartez mundu askeago eta berriago bati ateak zabaltzeko asmoz. Testuinguru horretan, belaunaldi talka sortuko da, batez ere: gazteek aurreko belaunaldiaren lorpenak gutxietsiko dituzte eta gizarte eredu horri inpugnazio bat egingo diote. Aurreko belaunaldikoek ez dituzte gazteen kritikak ulertuko eta erasotzat hartuko dituzte. Trama horren barruan, heriotz arraro bat gertatuko da eta ikerketa bartzorde bat sortuko dute heriotza argitzeko. Sorbatzako kideak dira susmagarri nagusiak.
Auskalerrian gertatzen da trama, Harkaitz Canok hitzaurrean dioenez.
Bai. Nobela Euskal Herritik imajinatu dut, baina etorkizuneko Euskal Herri imajinario batera eraman dut, Auskalerrira. Horrek errealitatetik gehiago aldentzen lagundu dit. Harkaitz Canok hitzaurrea idaztea zelanbaiteko bermea edo bultzada da nire moduko hasiberri batentzat, eta pozarren eta oso eskertuta nago.
Nobela antiutopikoa dela diozu.
Gurea baino hobea den etorkizun bat planteatzen dut nobelan (lan gutxiago egiten dute, zapalkuntza nagusiak gainditu dira, krisi klimatikoa kontrolatu da…). Nonork esan dezake hori utopia dela, eta, beraz, nobela utopikoa dela. Eta hala izango da hainbaten. Baina, aldi berean, antiutopikoa da: oraingo ikuspuntutik utopia den gizarte eredua inpugnatu egingo dutelako gazteek, eta horrek belaunaldien arteko gatazka sortuko du. Utopiak utopia izateari utziko dio.
Formatu berezian dago idatzita.
Liburuan ikerketa baten emaitza topatuko dugu, batez ere, pertsonaien testigantzekin osaturikoa. Hain zuzen ere, hilketa kasuagaz eta Sorbatzako kideekin duten hartu-emana kontatuko diguten pertsonen testigantzak dira, eta horiekin gizarte hori zelakoa den ulertuko du irakurleak; Sorbatza zer den eta inguruan sorturiko nahaste-borrastea ulertuko du. Nobela korala da; pertsonaia asko daude eta denek osatzen dute nobela. Lotura duten istorio asko daude eta puzzlea ondo osatzeak denbora eskatu dit.
Istorio txiki askok osatzen dute 'Sorbatza', eta hainbat gai jorratzen da bertan.
Belaunaldi talka, eragile politikoen barruko gatazkak, boterea, egoa, artea, sorkuntza, bidaiak… ageri dira. Inplizituki, lilura txertatzen ahalegindu naiz. Gaur egungo gizartean topatzen gatxa den lilura, eta igual beste batean aurkitu genezakeena. Pertsonaia askok lilura bat dute kontatzeko moduan edo egindako gauzetan, liluratuta daude pertsona edo ideia bategaz. Badago baten bat liluratuta zegoena eta orain desenkantutik berba egingo diguna.
Baduzu buruan beste proiekturik?
Sorbatzak zer zeresan sortuko duen gogoz nago. Oraingoz, ez dut idazle anbiziorik, ez dut ibilbide baten hasiera lez planteatzen.