"Nire torturarik handiena izan da ezin nintzela istripuaren aurreko Nahikari izan"

Joseba Derteano 2026ko maiatzaren 29a

Círculo Rojo argitaletxeagaz argitaratu du liburua. Stop Bide Indarkeriaren barruan, kontzientziazio berbaldiak ematen ditu.

2017an auto batek jo zuenetik, min kronikoagaz bizi da Nahikari Cayado Mallea. Istripuaren ondorengo bizipenak eta gainditze prozesua liburu batean kontatu ditu

2017ko abenduaren 6a. Nahikari Cayado Malleak (Durango, 1989) sekula ahaztuko ez duen data da. Auto batek zebrabide batean harrapatu zuen, eta harrezkero min kronikoagaz bizi da. Urtetan bizitako kalbariotik eta esperientziatik abiatuta, Todo lo que no viste liburua ondu du Círculo Rojo argitaletxeagaz. Kanpotik ikusten ez den minari, ingurukoen mesfidantzari eta norbere burua berreraikitzeko prozesuari buruz idatzi du liburuan.

Zelan gogoratzen duzu istripuko egun latz hura?
2017ko abenduaren 6a zen. Egun hori buruan ondo grabatuta dut. Egun horretara arte inoiz ez nuen izan minik. Harrezkero, min kronikoagaz bizi naiz. Durangoko Azoka zen eta Ahotsenean kontzertu bat ikusten nengoen. 20:00ak ziren eta "beste abesti bat eta etxera" eskatu nion bikotekideari, hurrengo egunean lana nuelako. Matienara joan ginen, bikotekidearen etxera. Zebrabide batean geunden. Ezkerretara begiratu eta kotxe bat ikusi nuen, baina zebrabidearen aurretik biribilgune batetik pasatu behar zen. Biribilgunean abiadura mantsotuko zuela pentsatu nuen, baina ez. Zuzen etorri eta biok jo gintuen. Bueno, zehatzago esanda, ni jo ninduen, eta nik nire bikotekidea. Neuk hartu nuen kolperik handiena. Metro batzuetan auto gainean joan nintzen, burua kapota gainean. Segundoak izan ziren, baina orduak iruditu zitzaizkidan. Bat-batean sikuan frenatu zuen eta errepidera jausi nintzen. Mokorrean kolpe handia hartu nuen. Kolpe horretatik ez naiz osatu oraindino. Ebakuntza bat egin didate, baina beste bat egiteko zain nago. Odisea bat bizitzen nabil. 

Esperientzia horren ondorioa da 'Todo lo que no viste'. Zer da gainerakook ikusi ez duguna?
Izenburua hainbat ideia adierazten duen berba joko bat da. Alde batetik, gau hartan auto gidariak ez zion aurreko kristalari lausoa kendu, itsuan hartu zuen kotxea eta ez gintuen ikusi. Horrez gainera, medikuek urte asko behar izan zuten diagnostiko zuzena emateko. Hau da, ez zuten ikusi benetan zer neukan. Ondorioz, lesioa okerrera joan zen apurka. Baina izenburuak honako honi egiten dio erreferentzia batez ere: lesioa kanpotik ikusten ez bada, igeltsuagaz ez bazaude esaterako, ematen du ez dela existitzen; hau da, ikusezina da. Makillatzen zara, aurpegian irribarre bat marrazten duzu eta ematen du ondo zaudela, baina ez da horrela. Jendeak ez daki gauetan minagaz itzartzen naizela eta ezin dudala lo ondo egin. Edo ezin dudala gidatu, ezin naizela hondartzan hare gainean lasai ibili. Hori egiten badut, minagaz egongo naiz egunetan. Berdin mendira banoa edo eskailera maila asko igotzen badut. Mokorrean ez ezik, orno zerbikaletan ere izaten dut mina, nerbio bat pitzatuta daukadalako. Baina ikusten ez den hori ez dago minari lotuta bakarrik. Arlo ekonomikoa ere badago: oraingoz, 30.000 euro baino gehiago gastatu ditut errekuperazioan. Hamar traumatologo izan ditut, Osakidetzakoak eta aseguru pribatukoak batuz gero. Eta ondorio psikologikoak ere kontuan hartu behar dira. Horiek ere ez dira ikusten, baina hortxe daude. Zebrabide bat pasatu aurretik, bost bider pentsatzen dut hortik igaro ala beste batera joan. Nagoen tokitik etxera joateko, mapa mentalak egiten ditut, zebrabide gutxiagoko bidea zein den jakiteko. 

Zergaitik erabaki zenuen zure esperientzia liburu batean azaltzea? 
Terapia legez hasi nintzen idazten. Barrua husteko modua zen. Momentu batean konturatu nintzen minean baino ez nuela ipintzen arreta. Paseo batetik bueltan baten batek zelan ibili nintzen galdetuz gero, erantzuna minari loturikoa zen beti, eta ez, esaterako, bidean ikusitako paisaia ederraren ingurukoa. Minak hartzen zuen nire pentsamendu osoa. Orduan, apurka jabetu nintzen Nahikari ez zela hori bakarrik, askoz gehiago zela. Apurka norbere barruan garatzen doan onartze prozesua da, ez dago-eta gidalibururik honi guzti honi aurre zelan egin erakusten dizunik. Biktima babesik barik dago. Beraz, horixe izan da liburua idazteko arrazoietariko bat. Bizitzari alde positiboago batetik begiratzeko balio izan didaten trukoak, ariketak eta aholkuak ere jasotzen ditut liburuan. 

Antzeko egoeran daudenei laguntza ematea da liburua idazteko beste arrazoietariko bat. Izan ere, egoera berean jende asko dagoela konturatu naiz, etxean eta isilean sufritzen dutenak. Eta, jakina, ikusten ez denez, ematen du min kronikoa ez dela existitzen. Baina ez da horrela, mina benetakoa da. Alde horretatik, liburua idaztea sentimendu liberatzailea izan da eta badakit beste batentzat helduleku bat izan daitekeela. Liburua irakurri eta gero, batzuek eskerrak eman dizkidate, lagungarri izan zaielako.  

Zuretzat idatzi duzu, terapia legez, eta baita antzeko egoeran daudenei laguntzeko ere. Nik beste publiko bat ere ikusten dut, ingurukoak; hau da, min kronikoagaz bizi denak inguruan duen jendea. 
Bai. Eta, alde horretatik, liburuagaitik eskerrak eman dizkidanetariko bat nire inguruko pertsona bat da. Bere bikotekideak gaixotasun kroniko bat du eta esan dit liburu honi eskerrak hari zelan lagundu ikasi duela. Baina hartu-eman honetan, ulermena norabide bietakoa izan behar da. Hau da, ezin diot neure bikotekideari eskatu nire erizaina izatea eguneko 24 orduetan. Ez da justua, nire bizitza aldatu den moduan berea ere aldatu delako. Besteak ere sufritzen du zu sufritzen ikusita. Ez naiz psikologoa, baina nire esperientziatik abiatuta, liburuan ahalegindu naiz azaltzen zelan jokatu zure ingurukoek hainbeste sufritu ez dezaten.

Zuk zeuk zelan bizi izan zenuen ingurukoen tratua? Zer jaso zenuen eta zeren falta igarri zenuen?
Bost urte medikurik mediku eman nituen. Esaten zidaten ez neukala ezer, arazo muskularra zela eta fisioterapeuta batengana joanda kenduko zitzaidala. Eta, jakina, mina dagoela agertzen duen mediku txostenik ez badago, esaten duzunak zalantzak sortu litzake ingurukoengan, eta hori gogorra da norberarentzat. Bizitza nire errealitate berrira egokitu beharraz gainera, "alferra zara", "beti minagaz zaude eta beti kexaka" eta antzekoak entzun behar izan ditut. Horrek txiki sentiarazten zaitu, oso txiki, zeure burua zalantzan ipintzeraino. Eta horixe da egin dezakezun gauzarik txarrena. 

Norbera errudun sentitzeaz zabiltza. 
Bai. Eta ni lehenengo egunetik sentitu naiz errudun. Adibide bat ipiniko dizut: ez dakizu zenbat bider damutu naizen gau hartan, kontzertuan, etxera zeozer lehenago joan ez izanaz. Eta sarritan zigortu dut neure burua ea zergaitik gurutzatu nuen zebrabide hori, kotxea ikusi nuelako, baina nigana heldu aurretik biribilgune bat igaro behar zuenez… Gaur egun ez dut gurutzatzen kotxea geratu arte. Eta nire torturarik handiena izan da ezin nintzela istripuaren aurreko Nahikari izan. Ezin nituen gauza berdinak egin eta pentsamendu negatiboak izaten nituen. Baina banekien ezin nuela horrela jarraitu. Aldaketa ez da izan momentu zehatz baten ondorioa, prozesu batena baino. Asko irakurri nuen eta psikologo bategaz ere ibili nintzen. Orain hobeto nago. Naizenagaz bizitzen ikasi dut. Egun batean oinez hiru kilometro egiten baditut eta hurrengoan bi, ba bi egin ditut eta kito. Hurrengo egunen baten egingo ditut hiru berriro. Egoera onartzeak bizitza aldatu dit. Liburuan alderdi honi buruz ere berba egiten dut. Liburua ez da istripuaren eta minaren kontakizuna bakarrik. Nire barruan eta nire bizitzan izan den aldaketa ere kontatzen dut. Orain psikologikoki nahiko indartsu sentitzen naiz. Liburua irakurtzen duenari ere indartsuago sentitzeko balio izatea espero dut. 

Non erosi daiteke liburua? 
Círculo Rojoren webgunean eskatu daiteke eta Instagram kanal honetan ere eskatu daiteke: @todoloquenoviste.libro. Batzen dudan dirua nire errehabilitaziorako erabiliko dut. 

Stop Bide Indarkeriari elkartean zabiltza gaur egun. 
Bai, elkarteko komunikazio arduraduna eta kidea naiz. Rosari [Trinidad, elkarteko burua] asko dut eskertzeko. Txarto nengoenean beti deitzen zidan animatzeko, eta galdetzen zidan ea nire testigantza eman gura nuen jendaurrean. Izan ere, elkarteak berbaldiak ematen ditu, testigantzekin. Kontzientziazioa da helburua. Lehen, traumatikoa egiten zitzaidan gertatutakoa oroitu beharra, baina aldaketa bizi eta gero baietz esan nion, egingo nuela. Esperientzia liberagarria zela konturatu nintzen. Hasieran apur bat urduri egoten naiz, baina gainetik 40 kilo kendu banitu legez sentitzen naiz amaieran. 

Zure tokian zaudela sentitzen duzu?
Bai. 2025ean hasi nintzen nire testigantza ematen. Elkartera aurtengo urtarrilean batu naiz. Oso gustura nago. On egiten dit eta gizarteari on egiten diodala sentitzen dut. Elkarteak hainbat arlotako ekintzak antolatzen ditu; esaterako, hezkuntza arlokoak, ikasleekin. Gizarteko hainbat alderditan eragiten du.  


Stop Bide Indarkeriaren barruan, kontzientziazio berbaldiak ematen ditu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!