"Zegama-Aizkorri txikitatik izan dudan ametsa izan da, eta asko disfrutatu dut"

Jone Guenetxea 2026ko maiatzaren 30a

Ireder Anguloren ametsa egia bihurtu zen orain aste bi Zegama-Aizkorri lasterketan partu hartu zuenean. Mendizale amorratua eta eskalatzaile trebea da. Udan furgoneta eta mendia uztartuko ditu.

Zer dauka Zegama-Aizkorrik beste lasterketa batzuek ez daukatena?
Zegama ez litzateke ezer bere publiko barik. Santi Espirituko, Andraitzeko, Aratzeko zein Aizkorriko igoeretan batzen den zale kopuruagaitik da batez ere hain ezaguna lasterketa. Hala ere, harrigarria da beste leku askotan ere zenbat jende batzen den. Gainera, aurten deskubritu dut zeinen polita den lasterketa bera. Kobazulo bat, landa ederrak, mendi tontorrak... Ingurua bera ere eder-ederra da.

Zelan bizi izan zenuen lasterketa?
Oso emozionatuta. Txiki-txikitatik izan dudan ametsa izan da eta asko disfrutatu dut. Ingurukoak ere bertan izatea, kuadrillakoak eta familia, zirraragarria izan da. Niretzat urteroko hitzordua izan da. Orain hamaika urte hasi nintzen familiagaz joaten, ikustera eta animatzera, asteburu-pasa. 2017an junior kategorian parte hartu nuen.

Denbora marka ala esperientzia, zer izan da garrantzitsuagoa zuretzat?
Dudarik barik, esperientzia. Aurreko egunetan buruari bueltak ematen hasten zara, "marka hau edo bestea egin dezaket", baina Aratzen gora hauxe pentsatu nuen: "Zertan nabil ni erlojuari begira?". Erlojuari jaramonik egin ez, eta disfrutatzea izan nuen helburu handik aurrera. Horrela bizi izan nuen.

Egin duzu entrenamendu berezirik?
Ez dut horretarako astirik izan, hiru aste lehenago esan zidaten-eta dortsala neukala. Aurreko astean Nafarroako lasterketa batean parte hartu nuen eta nahiko ondo ibili nintzen. Horren ondoren jakinarazi zidaten parte hartu nezakeela eta neukan maila mantentzen ahalegindu naiz, asteburuetan entrenamendu luzeagoak eginez. Aste bi lehenago Zegamara joan nintzen, bigarren zatia egitera. Astebete lehenago ere joan nintzen, lehenengo zatia egitera. Astean behin Gernikako gimnasio batera joaten naiz, lehengusinarengana. Astean zehar mantentzeko lana egin dut. Hortik kanpora, ez daukat entrenamendu espezifikorik. Gogoaren arabera egiten dut.

Zein beste lasterketa dira zure kutunak?
Iaz Mañaritik Atxetara egin nuen eta oso polita iruditu zitzaidan, nahiz eta gogor-gogorra izan. Astakeria bat da! Hiru Haundiak ere proba polita da.

Beste kirol erronkarik?
Lasterketa bitan parte hartzeko asmoa dut. Hiru aste barru, Izaban antolatzen duten Camille Extremen lehiatuko naiz; 32 kilometroko proba da. Eta irailean Mañaritik Atxetara lasterketan.

Ziur mendiagaz loturiko planen bat izango duzula udarako.
Alpeetara joango naiz, furgonetan, aste birako. Eta gero Pirinioetara, beste astebeterako.

Eskaladan ere aritu izan zara.
Bai, baina gaur egun nahiko utzita daukat. Familiagaz joan zen asteburuan egon nintzen eskalatzen. Korrikan oso motibatuta nabil orain, baina hori uzten dudanean ziur eskaladara bueltatuko naizela. Neguan ia asteburuero eskiatzera joaten gara, baina ezin denera heldu!

Amets bat korrikalari legez?
Amets bi izan ditut. Bata aitagaz Hiru Haundiak egitea zen eta urrian egin nuen. Oso pozik nengoen horregaz. Eta bigarrena Zegama-Aizkorri zen, eta hori ere bete dut. Beste ametsen bat izan daiteke Alpeetan edo Dolomitetan lasterketaren batean parte hartzea.

Motzean

Mendi bat?
Astxiki.

Miresten duzun korrikalari bat?
Aita eta ama.

Mendia ala hondartza?
Deskantsu aste honetarako, hondartza.

Korrika egiteko, hotza ala beroa duzu gurago?
Hotza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!