Ekainaren 5ean, barikua, 20:30ean, Jeffrey Nku artistak (Ghana) eta Weblezz Owen Afrobeat R&B de Benin taldeak (Nigeria) kontzertuak eskainiko dituzte, eta ekainaren 6an, egun osoko jardunaldia izango dute zain. 11:45ean hasiko dute eguna, batukadekin eta MLOP talde senegaldarraren dantzaldiagaz (12:30ean azken hori). Ondoren, Durangoko elkarte afrikarrek adierazpena irakurriko dute, eta MLOP taldeak bigarren emanaldia eskainiko du (13:00). Jarraian, 13:45ean kaleijra egingo dute Landako Gunera, batukadagaz. 14:00etan herri bazkaria izango da eta 16:00etan DJ Gabyren saioa. Ospakizuna Andra Marin amaituko da 20:30etan Mame Cheikh senegaldarraren dantzaldiarekin (SABAR).
Afrika Eguna antolatu duten elkarteen artean, Mlomp, La Paz Amor Ghanako Lagunen Elkartea eta Sen Euskadi Anaitasuna Senegali Laguntzeko Elkartea daude, Durangoko Udalagaz batera. Jesica Ruiz zinegotziak esan duenez, "ikasteko, gozatzeko eta kohesio soziala indartzeko gune" izango da Afrika Eguna. Arantza Barrenetxea zinegotziak gaineratu duenez, horrelako ekintzek "herritarren arteko loturak indartu eta herritarren parte hartzea sustatzen dute”.