Durangok Musikaldia hartuko du 2028an

Anboto 2026ko maiatzaren 28a

Euskal Herriko Musika eta Dantza Eskolen Elkarteak bi urterik antolatzen du jaialdia. Aurten, Legazpin (Gipuzkoa) ospatu dute, eta bertan hartu zuen errelebeloa Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak.

Euskal musikaren eta dantzaren erdigune bihurtuko da Durango, 2028an. Euskal Herriko Musika eta Dantza Eskolen Elkarteak antolatzen duen Musikaldia jaialdia hartuko bait du. Legazpin (Gipuzkoa) hartu du lekukoa Mireia Elkoroiribe alkateak, aurtengo Musikaldiaren itxiera ekitaldian.

Elkoroiriberen berbetan, "ohore handia da" Musikaldiaren lekukoa hartzea. "Durangon elementu garrantzitsu bat dugu 2028ko edizioa arrakastatsua izan dadin: musika tradizioa, musikarekiko grina eta gure eskola, Bartolome Ertzilla Musika Eskola, dedikazioarekin lan egiten duena musikak eragile kultural, hezitzaile eta soziala izaten jarrai dezan". Ildo horretan, Bartolome Ertzilla musika eskolako zuzendari Iker Ruiz de Alegriak eta bere talde osoak egindako ahalegina eta konpromisoa eskertu zituen. "Bereziki hunkituta gaude Musikaldia Durangon egingo delako, topaketa hau Bizkaira hurbiltzeko eta esperientzia, talentu eta emozio musikalak partekatzeko aukera izango baita".

Musikaldiak 1.700 musikari eta dantzari inguru batu ditu Legazpin, aurten. EAEko 34 musika eta dantza eskolak parte hartu dute euskal kulturaren aberastasunaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, "eskolen eta komunitatearen arteko loturak sendotuz". Durangoko udal ordezkariek jakitera eman dutenez.  Doinua Musika Eskolak antolatu du aurtengo topaketa, Legazpiko Udalaren laguntzarekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babesarekin. "Elkartrukerako eta ospakizunetarako gune gisa finkatu zen, musika eta dantza protagonista nagusi bihurtuz", argitu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!