Duela egun gutxi, Herriaren Eskubideak Loiuko istiluei buruzko adierazpen bat erregistratu zuela iragarri zuen. Aireportuko kargari buruz eztabaidatzera deitu gura zituen Durangoko ordezkariak. Alabaina, atzoko osoko bilkuran, zinegotziek ez zuten gertakariez eta Bingen Zupiria sailburuaren esanei buruz eztabaidatu, talde independentearen arabera, EAJk, PSE-EEk eta PPk auzia eztabaidatzea "eragotzi" zutelako. Kontua da talde edo alderdi batek gai-ordenaz kanpoko mozio bat urgentziaz erregistratzen duenean, udalbatzak mozioaren izaera urgentea bozkatzen duela lehenik, eta horrek gehiengoaren babesa lortzen duenean, orduan igarotzen direla zinegotziak edukiaz eztabaidatzera. Eta Herriaren Eskubidearen adierazpenak ez zuen lehendabiziko langa igaro, talde independentearen iritziz, ""EAJk, PSE-EEk eta PPk adierazpenaren premiazkotasunaren aurka egin zutelako".
Jorge Varela zinegotziak defendatu duenez, "mozioaren premia gertakarien larritasunean eta Euskadiren zein bere erakundeen irudiari kalte egin dioten irudien aurrean erantzun politiko azkar bat emateko beharrean oinarritzen zen, irudi horiek gizartean kezka handia sortu baitute". Halaber, independenteak adierazi du Bingen Zupiria segurtasun sailburuak "publikoki aitortu zuela gertatu zenak ez zuela gertatu behar izan", eta halako irudiek ez diotela "mesederik egiten ez herriari, ezta Ertzaintzari ere". Herriaren Eskubideak "kezkagarritzat" jo du EAJren, PSE-EEren eta PPren erabakia, "gaurkotasun eta interes publiko nabarmena duen gai bati buruzko eztabaida ireki nahi ez" izateagatik.
Gobernu taldearen adierazpena
Durangoko gobernu taldeak (EAJ eta PSE-EE) adierazpen bat kaleratu du Loiuko gertakarien harira. Aireportuan egoniko "edozein erasoren gaitzespena" adierazi dute, "bai flotillako kideena bai esku hartu duten ertzainena", eta berretsi egin dituzte "giza eskubideen, bizikidetza demokratikoaren eta bakezko protesten eskubidea" eta "herritarren onurarako lanean diharduten polizia langileekiko errespetua". Horrez gainera, "guztiz egokiak diren ikerketak" egitea eskatu diote Zupiria sailburuari, "Ertzaintzako agenteen jarduketa egokia eta proportzionala izan zen ala ez zehazteko", eta, era berean, Ertzaintzaren deslegitimazio globala helburu duen edozein saiakera gaitzetsi" dute. Halaber, "babes irmoa" adierazi diote Palestinako herriari.