Ume eta gazteei kantu korala modu ludiko, hezigarri eta aberasgarrian hurbiltzea. Helburu horrexegaz abiatuko da Kantariak ekimena irailean, ikasturte berriagaz batera. Urtez urte sendotzen joango den egitasmoa izateko asmoagaz jaio da. Hartara, Durangoko Orfeoiak, eta, Doinu Zahar eta Bogoroditsie abesbatzek partekatzen duten "kezka" bati erantzuteko helburuagaz. Arantza Barrenetxea zinegotziak azaldu duenez, "talde horiek urteak daramatzate belaunaldi berrien artean kantua sustatzeko beharra azpimarratzen, Durangoko eta Bizkaiko ondare inmaterialaren parte den tradizio korala babesteko helburuagaz".
Bartolome Ertzilla musika eskolako zuzendari Iker Ruiz de Alegriak Kantariak ekimenaren garrantzia nabarmendu du: "Ahots musikala lantzeaz gainera, kantuak oinarrizko gaitasun pertsonalak eta sozialak garatzeko aukera ematen du. Gainera, konstantzia, lana eta bizikidetza bezalako funtsezko baloreak sustatzen dira". Dagoeneko 20 ikasle batu dira egitasmora, musika eskolako ikasleak. Hala ere, Durangalde osoko ume eta gazteei zabaldu gura diote proiektura batzeko gonbita. "Herriko abesbatzek eta musika eskolak ere errotuta dagoen tradizio bat arriskuan egon daitekeela ikusi dugu. Horri aurre egiteko erronka hartu du Bartolome Ertzillak, gaineratu du Ruiz de Alegriak. Izena emateko Bartolome Ertzilla musika eskolara jo daiteke.
Durangoko Orfeoiko presidente Valentin Sagastizabalek, nabarmendu duenez abesbatzek pozik hartu dute ekimena. "Ume eta gazteek eskaintza berri bat izango dute, orain arte egon ez dena. Jarduera pozgarri eta aberasgarria da, eta ikastetxe desberdinetako umeek elkar ezagutuko dute. Era berean, abesbatzetan igarri dugu errelebeo faltari irtenbide bat emateko aukera sortzen du".
Kantika korala
Kantariak egitasmoaren barruan, Kantika Koralak kontzertua emango du maiatzaren 31n. Andra Mari elizan izango da, 18:00etan. Euskal Herrian haur eta gazteen abesbatzen esparruan erreferente bihurtu da Kantika Korala, Ruiz de Alegriak gogoratu duen moduan. "Kontzertuak aukera ematen du jardueran interesa dutenei mota horretako taldeak gertutik ezagutzeko".
Musika eskolan hainbat hobekuntza egin direla gogoratu du Arantza Barrenetxeak. Datozen hilabeteetan ekitaldi aretoan jarleku berriak jarriko direla iragarri du.