Durangoko udalbatzak Loiuko aireportuko istiluei buruz eztabaidatuko du eguazten honetako osoko bilkuran, Herriaren Eskubideak erregistraturiko mozio baten harira. Talde independenteak Ertzaintzaren oldarraldia salatzea eskatuko dio udalbatzari, eta honako ideia hau onartzea proposatuko die osoko bilkurako 21 zinegotziei, besteak beste: "Durangoko Udalak salatu du Ertzaintzak gogor jardun duela Global Sumud Flotillako kideen eta Loiuko aireportura hurbildu diren pertsonen aurka, eta elkartasuna adierazi die erasoa jasan duten pertsonei, bai eta senide eta lagunei ere, neurrigabeko indarkeria- eta oldarkortasun-egoera bizi behar izan baitzuten, guztion segurtasuna eta ongizatea babestu behar dutelako". Halaber, ekintzaileek Israelgo gobernuaren partetik jasandako "tratu ankerrak" salatuko ditu talde independentearen testuak: "Espetxeratzea, inkomunikazioa, torturak eta kasu batzuetan bortxaketak".
Bestalde, Herriaren Eskubideak esan du EAJk eta PSE-EEk "uko" egin diotela testua "adierazpen instituzional gisa" lantzeari, eta, horrenbestez, premiazko mozioa erregistratu behar izan duela: "Irudiek argi uzten dute jarduketa ez zela egokia izan, eta neurriz kanpo erabili zuten indarra Israelen antzeko erasoak jasan zituztenen aurka", nabarmendu du talde independenteak.