Durangoko eskolaumeek egindako sormen lanek beteko dute Ezkurdi erakustaretoa. Mila sormen lan baino gehiago aurkeztu dira Durangoko Eskolarteko Haurren Marrazketa, Pintura eta Eskulan Lehiaketara, eta denak ikusgai jarriko dituzte, ekainaren 7ra bitartean. Aurten 17. aldia duen ekimenak "erabateko arrakasta" izan du, Durangaldeko Artisten Elkarteko kideek jakitera eman dutenez.
Durangoko Haurren Marrazketa, Pintura eta Eskulan Lehiaketa herriko sormen kolektiboaren erakusgarri nagusienetako bat bezala "finkatu" da, Durangaldeko Artisten Elkarteko kideek azaldu dutenez. Durangoko ikastetxeetako (Landako, Zabalarra, Kurutziaga, Nevers, San Antonio Santa Rita eta Jesuitak) Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. zikloko ikasleen artelan ekoizpen eskerga eskuz sailkatu eta zintzilikatzeko lanak amaitu ondoren, gaur zabalduko dute erakusketa. Zapatu eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Astelehenetik barikura 17:00etatik 19:30era.
Sari banaketa
Sari banaketa ekainaren 6an egingo da, 13:00ean, Ezkurdi aretoan. Ume guztiek opari bat jasoko dute, "parte-hartzea eta artearekiko maitasuna sustatzeko asmoz", antolatzaileek azaldu dutenez. Era berean, ziklo eta kategoria bakoitzeko (marrazketa eta eskulanak) sari espezifikoak emango dira. " Sari berezi bat ere emango da, eta lan hori 2027ko edizioko kartela diseinatzeko oinarri gisa erabiliko da".
Durangaldeko Artisten Elkarteak ikastetxe guztien inplikazioa eta gogoa eskertu du. "Lehiaketa hau babestea txikienei kulturarekiko zaletasuna piztea da, talde-lana, aniztasuna eta sentikortasun artistikoa bezalako funtsezko balioak indartuz".