Hirugarren urtez segidan, emakumeen Euskal Kopako eta mutilen kadete nahiz gazte mailetako irabazleak Durangon erabakiko dira. Gaur aurkeztu dute ekimena Tabira futbol zelaian.
Emakumeen Lauko Finala ate joka dago. Finalerdiak bariku honetan jokatuko dira. 17:00etan Artizarrak eta Athletic taldeek neurtuko dituzte indarrak; 19:15ean, berriz, Añorga eta Pauldarrak taldeek. Nabarmentzekoa da Pauldarrak dela aurten Euskal Ligan aritu den talde bakarra; gainerakoak maila bat gorago dabiltza, Hirugarren RFEF Mailan. Finala domekan, 12:00etan, hasiko da.
Mutilen gazte mailan, Lauko Finaleko finalerdia eta finala ekainaren 5ean 7an dira, hurrenez hurren. Kadeteetako irabazlea, berriz, ekainaren 12an eta 14an erabakiko da. Finalerdiak 17:00etan eta 19:15ean hasiko dira eta finala 12:00etan.
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak "eskerrak" eman dizkio Euskadiko Futbol Federazioari finaletarako Durango aukeratzearren. "Durangok beti egiten du kirolaren aldeko apustua eta horrela jarraituko dugu", adierazi du Elkoroiribek.
Federazioko presidente Iker Goñi ere esker oneko agertu da urtez urte jasotzen duten "gertutasun eta prestutasunagatik". Lanean arituko diren klubetako boluntarioei ere eskerrak eman dizkie. Lau klub aipatu ditu: Durangoko Kulturala, Durangoko Sapuherri, Ezkurdi eta Sasikoa.