[ARGAZKI GALERIA] Paula Blasi nagusi Durangon: Vueltako irabazleak klasikoa ere bereganatu du

Anboto 2026ko maiatzaren 19a

Magdeleine Vallieres munduko txapelduna erori egin da azken kilometroetan.

Eguraldi ona lagun, Ezkurdin jende asko batu da Durangoko Klasikoko azken kilometroak plazako pantaila erraldoitik jarraitzera. Zaleek ikuskizuna itxaroten zuten eta jaso dute. Azken kilometroak, San Juaneko igoera tarteko, ikusgarriak izan dira eta izar denen gainetik batek egin du distira:  Paula Blasi kataluniarrak (UAE Team).

San Juanerako igoerako lehen aldapa gogorrean bosteko talde bat geratu da buruan. Igoerako bigarren aldaparen aurretik dagoen atsedenunean heldu da sorpresa: Magdeleine Vallieres munduko txapelduna erori egin da eskumarako bihurgune itxian. 

Ondoren, ermitara heltzen den aldapan, Paula Blasik erritmo bizia ezarri eta ihes egin du. Handik aurrera aldeari eutsi dio eta bakarrik helmugaratu da. 23 urteko kataluniarrak Vuelta irabazi du oraintsu sekulako maila erakutsita eta gaur beste hainbeste egin du Durangon. Mendiko sailkapena ere eskuratu du.

Bigarren eta hirugarren tokietan Evita Muzic (FDJ) eta Alice Towers (EF Education-Oatly) geratu dira, hurrenez hurren. Lehenengo euskalduna Ayala Serrano (Cantabria Deporte-Rio Miera) izan da, Maite Urteagaren (Eulen-Amenabar) eta Naia Amondarainen (Laboral Kutxa) aurretik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!