Durangoko Azokaren bueltan sustatutako Sormen Bekaren 9. deialdia aurkeztu dute Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak. Elkarren eskutik ipini zuten martxan egitasmoa 2018an, euskarazko ekoizpena eta sortzaile berrien lana indartzeko helburuagaz. Aurten, musika proiektu bat laguntzera bideratuko da beka.
Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidenteak parte hartzera animatu ditu sortzaileak: "Sormen Bekagaz ibilbide emankor eta polita egin dugu urteotan, eta sortzaile berrien bidelagun izaten jarraitu gura dugu". Nabarmendu duenez, "sorkuntzaren munduan hasten ari direnei eman gura diegu bultzada". Gomezek beka sustatzeko Durangoko Udalak hasieratik emandako laguntza eskertu du.
Paule Sanchez Durangoko Euskara eta Kultura zinegotziak nabarmendu duenez, "Durango euskal kulturaren bihotza da. Urtero, antolatutako kultur ekitaldiek, eta jakina, Durangoko Azokak, sortzaile berrien talentua eta ekoizpen berritzailea zabaltzen dituzte, eta Sormen Beka horren adibide garbia da. Sortzaile berriei aukera ematen die euren ideak aurkezteko, ikusgarritasuna eta bultzada jasotzeaz gain". Era berean, gaineratu duenez, "gure helburua ez da bakarrik euskarazko sorkuntza indartzea, baita munduari. gure hizkuntza eta kultura biziaren indarra erakustea ere".
Gomezek gogoratu du 2025ean Usue Egia eta Ainoa Olaso durangarrek Mikel Urdangarinekin batera aurkeztutako 'Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak' komiki lana aukeratu zuela epaimahiak. Aurtengo Durangoko Azokan aurkeztuko dute emaitza.
Irailaren 21era arte
Sormen Bekaren deialdian, banaka zein taldeka parte hartu dezakete parte hartzaileek. Lana jatorrizkoa izango da, eta berbak hartzen baditu euskara hutsezkoa izan beharko da. Sortzaile berriek irailaren 21era arteko epea dute euren proposamenak bidaltzeko, gerediaga@durangokoazoka.eus helbide elektronikora. Deialdiaren oinarriak www.durangokoazoka.eus webgunean daude eskura. Irabazlea Durangoko Azokaren barruan emango dute ezagutzera, eta hautaturiko sortzaileak edo taldeak 15.000 euro jasoko ditu proiektua garatzeko. Sormen lan horren emaitza 2027ko Durangoko Azokan aurkeztuko da jendaurrean.
Sortzailea deialditik kanpo geratuko da lan bi kaleratuta dituenean —euskarri fisikoa eta digitala kontuan hartuta— eta bost kolaboraziotik gora eginda baditu. Diskografia batekin kontratua sinatuta dutenak ere deiaditik kanpo geratuko dira.