Durangoko Kulturalak futbol modalitate berri bat ipini du martxan, 50 urtetik gorako gizonezkoentzat eta 40 urtetik gorako emakumeentzat: Walking football. Ingalaterran eta Europa iparraldeko herrialdeetan dezente zabalduta dagoen jokoa da, zahartze aktiboa eta osasungarria bultzatzea helburu duena. Izan ere, arineketan barik, oinez jokatzen da futbolean, eta, horri eskerrak, jokoa inklusiboagoa eta norbere erritmoaren araberakoa bihurtzen da, baita lesio gutxiagokoa ere. Egitasmoa Kulturalak aktibatu duen arren, Durangoko Udala eta Athletic Club Fundazioa programaren partaide dira. Azken horrek hartuko du, hain zuzen ere, entrenamenduen zuzendaritza. Lehen denboraldirako aurreikuspenen artean, Lezaman lagunarteko partida bat antolatzea dago. Durangoko taldeak bertan jokatzeko aukera izango du.
Izen emateak
Entrenamendu-saioak doakoak izango dira eta ekainaren 3an hasiko dira. Eguaztenetan
egingo dituzte, goizeko 11:30etik 13:00etara, Tabirako futbol-zelaian. Izen-emateko zabalik dago maiatzaren 27ra bitarte info@durangokirolak.net helbide elektronikoaren bidez edo Landako I kiroldegiko harreran. Durangoko Udalak herritarrak deitu ditu egitasmoan izena ematera.