Museoen Nazioarteko Eguna dela eta, Hontza Museoak hitzaldi berezi bat antolatu du maiatzaren 21ean. Hitzaldiaren izenburua 'Hegazti migratzaileak Euskal Herritik' izango da, eta hizlaria Edorta Unamuno Mirandona biologoa. 18:30ean hasiko da Durangoko Kurutzesantu Museoan. Doakoa da, eta ez da aldez aurretik izena eman beharko; bertaratzea librea da lekua bete arte, Hontza Museoak ohar batean zehaztu duenez.
Edorta Unamuno Mirandona biologoa da eta gaur egun Urdaibai Bird Center-eko komunikazio, dibulgazio eta hezeguneen kudeaketako proiektuen koordinatzailea da. Hegaztien migrazioaren eta habitat naturalen inguruko ikerketa eta dibulgazio lanetan urte luzez aritu da, eta 2007tik hegaztien eraztunketa zientifikoan aditua da, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako hainbat eraztunketa estaziotan lanean arituta.
Saioan zehar, hegazti migratzaileen migrazio-bideak, Euskal Herriak bide horietan duen garrantzia eta gure lurraldetik igarotzen diren espezie nagusiak azalduko dira. Halaber, migrazioaren fenomenoa ulertzeko gakoak eta hegazti hauek kontserbatzeko beharra azpimarratuko dira.