Bariku honetan, BookTrailer lehiaketaren sari banaketa egingo dute San Agustin kulturgunean. Aurten, Zabalarra, Landako, Jesuitak eta San Antonio ikastetxeetako eta Durangoko Institutuko 450 bat ikaslek parte hartu dute, eta 100 booktrailer aurkeztu dituzte sariketara. 2012-2014 artean jaiotakoen kategorian 53 lan aurkeztu dituzte, eta 47 2008-2011 urteetan jaiotakoen kategorian. Horietatik guztietatik 30 aukeratu ditu epaimahaiak, eta barikuko ekitaldian proiektatuko dituzte. 15 kategoria bakoitzeko.
A kategoriako Book Trailer onenak 300 euroko saria eta liburu sorta jasoko ditu, eta sari bera eskuratuko du B kategoriako lan irabazleak ere. Horrez gainera, gidoi onenaren saria ere emango dute: 300 euro eta liburu sorta bat. Ekitaldia 11:00etan hasiko da, eta Maite Lopez eta Garazi Magunagoitiak aurkeztuko dute. Era berean, bertan izango dira L´Atelier dantza eskolako kideak ere.
Durangoko Udalak gogorarazi du lehiaketak irakurzaletasuna, sormena eta ezagutza bultzatzen laguntzen duela.