Durangoko adinekoek mugikortasun seguruari buruzko jardunaldia hartu dute gaur, Stop Bide Indarkeriaren eskutik. Nahikari Cayado elkarteko kidea izan da berbaldia eskaini duena. Durangarrak egunerokotasunean sor daitezkeen arrisku egoerak azaldu ditu modu praktikoan. Adibidez, ibilgailu elektrikoei eta patinete elektrikoei adi egotera gomendatu du, baita sakelakora begira espaloian zehar ibiltzeko arriskuez ohartarazi ere: “Uste duguna baino askoz egoera arriskutsuagoak sortzen ditu azken horrek. Pantailek distrakzioan eragiten digute", azpimarratu du durangarrak.
Durangoko kasuistikari propio dagokionez, oinezko mugikortasunarentzat gatazkatsuak diren hainbat puntu aletu dituzte berbaldian. Batetik, oinezko pasabideek eta karga eta deskarga eremuek bat egiten duten puntuak aztertu dituzte, leku horiek ikusgaitasuna kentzen dutelako: “Ez dezagun bidea itsu-itsuan gurutzatu, furgoneta batek edo kamioi batek atzetik datorren ibilgailua ikustea ekidin diezagukete-eta”. Bestetik, oinezkoen eta bizikleten pasabide mistoek sortzen duten konfusioa azaldu du Cayadok: “Oinezkoek zebra-bidetik igaro behar dute, baina kontuan hartu behar dugu bizikleten pasabideak ere ondoan izaten direla, eta horiek txirrindularientzat bakarrik direla”. Beste puntu gatazkatsuetako bat garajeetako irteerak dira, “autoek muturra kanpoan izan arte ez dutelako oinezkorik non dagoen ikusten”.
Halaber, berbaldian esku hartu du Stop Bide Indarkeria elkarteko Rosa Trinidadek ere. Presidenteak argitu duenez, berbaldiaren helburua “kontzientzia zabaltzea” izan da, “tragegia asko ekidin daitezkeelako errespetuz, bizitzarekiko begirunez zein arauekiko begirunez, jokatzen bada”. Berbaldian 20 bat lagun batu dira. Astarloa egoitzan egin dute.