[ARGAZKI GALERIA] Muskiz eta Trapagaran geratu dira txapeldun Durangon jokatu diren eskubaloi finaletan

Anboto 2026ko maiatzaren 12a

Kantxako harmailak bete egin ziren finalak ikusteko. Partiduez gainera eskubaloiaren gaineko hainbat jolas izan ziren, bertaratuko haurren gozagarri.

Joan den zapatuan Durango Bizkaiko eskubaloiaren erdigune bihurtu zen, Landako Kiroldegian lehen urteko haur-kategoriako ligako finalak jokatu baitziren, bai mutiletan eta bai nesketan. Harmailak bete egin ziren finalak ikusteko. 

Lehenengo finalean Muskiz eta Kukullaga taldeak izan ziren aurrez aurre. Bi taldeek joko maila handia eskaini zuten. Azkenean, Muskizek garaipena eskuratu eta txapeldun izatea lortu zuen maila handiko partida baten ondoren. Bigarren finalean, Trapagaranek eta Basaurik neurketa bizi eta lehiakorra jokatu zuten, azken minutuetara arte emozioa mantenduz. Azkenean, Trapagaranek lortu zuen garaipena eskuratzea amaiera zirraragarri batean.

Bi finalen arteko atsedenaldian, eskubaloiari lotutako hainbat jolas eta ekintza antolatu zituzten, bertaratutako haur guztien parte-hartzea, dibertsioa eta elkarbizitza sustatzeko. Gainera, parte-hartzaile guztiek opariak eta oroigarriak jaso zituzten. Jarduera osoa euskaraz garatu zen, euskara hizkuntza nagusi izanik.

Ekimena Ibaizabal eskubaloi taldeak antolatu zuen hainbat erakunderen laguntzarekin.  Antolakuntzatik "eskerrik beroenak" eman dizkiete "Bizkaiko Foru Aldundiari final hauetarako Durango egoitza bezala aukeratzeagatik; Bizkaiko Eskubaloi Federazioari, Durangoko Udalari eta Durango Kirolak-eri ekitaldi hau posible egiteagatik emandako laguntza eta lankidetzagatik; Durangoko Turismoari jardunaldian banatutako opariengatik, eta Durangoko Udalako alkateari eta zinegotziei gurekin batera jardunaldi berezi honetan egoteagatik eta parte-hartzaileei sariak eta opariak banatzen ere parte hartzeagaitik".

(Argazkiak: Josu Larrabide eta Ibaizabal eskubaloi taldea)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!