Dentista legez aurkeztuko zintuzket irakurleen aurrean, baina iruditzen zait definizio hori motz geratu daitekeela. Zelan definituko zenuke zure burua?
Dentista naiz, aho patologietan espezializatutako dentista. Eta egunerokotasunean kirurgia eta aho inguruak birsortzeko lanak egiten ditut gehienbat. Baina, beharbada, honako honek definitu dezake hobeto nire eginkizuna: jendeari haginak mantentzen eta bizi kalitatea irabazten laguntzen diot, abiapuntu legez ahoa erabilita.
Konbentzitu nauzu, definizio osatuagoa deritzot horri.
Izan ere, herritarren ahoa zaintzea da nire lana, baina iruditzen zait hortik haragoko balio erantsi bat eskaintzen dudala: jendeari gertatzen zaiona ulertarazten ahalegintzen naiz, dena bizi ohiturekin lotuta dagoela ikusi dezaten.
Ahoak gure bizimodu ohituren berri eman dezake?
Ahoa gure digestio aparatuaren hasiera da, eta horrela ulertu behar dugu bere garrantzia. Pentsa, gure neuronen %80 hesteetan dago. Horregaitik, sabelean arazoren bat dagoenean, handituta-edo dagoenean, konplikatua izaten da berehalako neurriak hartzea. Batzuek honako hau esaten didate: "Asko zaintzen dut neure burua", baina gero eurekin berbetan hasten naiz eta...
...eta ez zara iritzi berekoa.
Horregaitik ahalegintzen naiz kontzientzia handitzen, sinetsita nagoelako gure osasuna gure jarreren ondorio dela. Dakizkidan ontasun guztiak partekatzen ahalegintzen naiz, azken finean, kontzientzia handitzeko eta medikuntzak eta medikuntza osasungarriak eskaini dezaketen dena era integral batean eskaintzeko.
Adibideren bat ipini dezakezu?
Patologien ezagutza eta esperientzia klinikoa berebizikoak dira diagnostiko goiztiar baterako. Adibidez, lesio bat badago eta lesio hori autoimmunea bada, funtsezkoa da diagnostiko goiztiarra egitea, erregistro fotografikoa egitea eta autozaintzarako irizpideak ematea. Izan ere, lesiorik onena desagertzen dena da, ez kontrolatzen dena. Ez dago osasun arazorik bizi estiloko pautak aldatuta hobetzen ez denik.
Eta hori guzti hori zelan azaleratzen da ahoan?
Ahoan gorputzeko beste edozein ataletan baino lehenago agertzen dira zantzuak. Horrenbestez, ahoan ageri direnei baliorik ematen ez badiegu, lesio txiki horiek diagnostikatzen ez baditugu, denboragaz gorputzeko beste punturen batean irtengo dira. Beti esaten dut hortzak gure lan arloaren %10 direla. Horrenbestez, zergaitik deitzen digute dentista? Ba, hain zuzen ere, hortzak konpontzen lan egin dugulako beti. Zer gertatuko litzateke intentsitate honegaz gure bizitza, aisia, atsedena, kudeatu barik jarraitzen badugu? Ba geroago eta lan gehiago izango genukeela. Horregaitik, jendeari ikuspegi berri bat eskaini behar horretan sinesten dut, kontzientzia bat sortze horretan. Harmonia eskaini behar diogu herritarrari, bere bizimoduak errespetatuta, eta, jakina, ilusioa eta itxaropena eskainita. Horrek ariketa sanitario bat egitea eskatzen digu egunero, denok gaudelako geroago eta nekatuago egunetik egunera. Gainezka bizi gara. Alde horretatik, prebentzioa babesleku ezinbestekoa da. Osasuna erronka handia zen lehen, eta gaur egun erronka handiagoa da.
Gainezka bizi garela diozu. Horren zantzurik ere ikusten duzu hemen?
Osasunaren galera bizi dugu, eta joera hori agerikoagoa da belaunaldi gazteetan. Aurrekoan, hona etorritako gazte batek esan zidan bere burua zaintzen zuela, baina okelarik, arrainik, frutarik eta berdurarik jaten ote zuen galdetu nionean, ez zuela apenas jaten esan zidan. Halakoetan konturatzen zara ezer aldatu barik mantendu gura dugula gure bizimodua. Eta hori ez da eskolan ikasten, etxean baino. Azken finean, osasunaren galera honek etikaren galera bategaz du lotura, batuta doaz. Izan ere, gaur egun atsegin dugun eta gustuko dugun horretan mantendu behar dugu etengabe. Dopamina putzu batean. Eta, jakina, gurea minari loturiko ogibidea denez eta herritarrek mina saihestu gura dutenez, jendeak saihestu egiten gaitu dentistok. Gure lana jendeari akonpainamendu hori egitea da, bere bizimodua errespetatuta, kontzientzia hartzen laguntzea.
Elikaduraz harago, ariketa fisikoa, bizimodu sedentarioa... horiek ere islatzen dira ahoan?
Bai. Geroago eta adin goiztiarragoetan, gainera. Zer dabil gertatzen? Ahoa oso organo aktiboa da, mugitzen dugun organorik bakarrenetarikoa, eta gorputzean aktibitaterik ez badago, hori guztia ahoan islatzen da. Gauza bigunak bakarrik jaten hasi gara. Jada ez dugu mastekatzen. Dena da biguna, dena samurra. Eta horri guztiari sortu zaizkigun konplexuak gehitu behar zaizkio. Sare sozialetan erakusten ditugun ezaugarriak gura ditugu. Estetika arloko esaldirik erabiliena "Nire feedeko irudi horren antza izan gura dut" da gaur egun. Bitxia da bizi dugun unea: mundu digitalean bizita, gure pultsioek errealismoa galdu dute. Maita dezagun geure burua garen moduan. Bizitza bat eta bakarra dugu, eta, beraz, erreparatu diezaiogun testuinguru horri.