Durangoko Kulturalak omenaldia egin zion atzo emaitzetatik harago klubean arrastoa utzi duen jokalari bati. Txikitatik atzoraino, klubeko kamiseta 17 urtez defendatu duen Unai Arizmendiarretak erretiroa hartu du eta merezi moduko agurra eskaini zioten taldekideek eta zaleek.
Arizmendiarretak 153 partidu jokatu ditu lehen taldearekin eta 11 gol sartu ditu. Taldeko kapitaina izan da hainbat urtez. "Zenbakietatik harago, bere lidergoarekin, sakrifizioarekin eta kolore hauek zelai barruan zein kanpoan ordezkatzeko izan duen moduarekin geratzen gara", adierazi dute klubetik.
Partiduari dagokionez, Kulturalak 4-1 menderatu zuen Santurtzi Hirugarren RFEF Mailako ligako azken norgehiagokan. Etxekoen golak Jon Lejardik, Asier del Riok, Borja Lopez de Aguiletak eta Unai Arietaleanizbeaskoak sartu zituzten. Garaipen honekin Kulturalak 11. tokian amaitu du denboraldia.