Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak eta Bingen Zupiria Segurtasun Sailburuak hitzarmena sinatu dute eguerdi honetan. Itun horren arabera, Durangoko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak baliabideak eta informazioa partekatuko dituzte aurrerantzean, denbora errealean. Hau da: polizia erakunde biek batak bestearen datu-baseetara sartzeko aukera izango dute, ikerketetarako baliagarriak izan daitekeen datuak modu efizientean lortzeko. Halaber, polizia-gailuak optimizatzeko asmoa ere jasotzen du hitzarmenak, baita ordena publikoari loturiko gaietan lankidetzan aritzeko bokazioa ere. Horren harira, trafikoa arautzeko, manifestazioak kontrolatzeko eta ekitaldi jendetsuetan ordena mantentzeko planak elkarrekin diseinatzeko bidea zabaldu dute.
Elkoroiriberen iritziz, hitzarmena "mugarria" da, bai "baliabideak modu efizientean kudeatzeko", bai horri eskerrak "segurtasun publikoa hobetuko delako". Bingen Zupiriak azpimarratu du itunak "euskal poliziaren eredua" indartzen duela, eta Durangoren eta Ertzaintzaren arteko lankidetzak "segurtasuna indartzen" lagunduko duela, besteak beste, "pertsonen eskubideak eta ondarea" zainduta zein fenomeno metereologikoen eraginei aurre egiteko koordinatuta.