Zer esan gura du zuretzat Durangon BBK Liven aterkipean jotzeak?
Oraindino sinistu ezinik nago. Herrian horrelako aukera bat izatea ez nuen sekula pentsatuko. Amets bat errealitate bihurtzea da niretzat.
Zelako kontzertua aurreikusten duzu?
Orain arte egin ditudan kontzertuekin alderatuta, oso ezberdina izango da. Izan ere, proiektu berriagaz irtengo naiz. Oso 'ni' izango da, pertsonalitate handikoa. Bestalde, erromeria talde batean abesten dudanez, gitarristak eta bateria-jotzaileak nigaz joko dute Durangoko kontzertuan.
Proiektu berria lantzen zabiltza. Zein fasetan dago?
Iaz, bakarlari legez proiektu bat abiatzea erabaki nuen. Amaiurtxu izenagaz aritu naiz orain arte, baina bizitza aldaketa bat da hau eta Maiur izenagaz jarraituko dut. Aurrerapausoa eta aldaketa da, biak.
Zertan datza disko berria?
Urtarrilean Non zaude? abestia kaleratu nuen. Youtuben entzungai dago Amaiurtxu izenagaz. Spotyfin ere bai. Aste honetan bigarren abestia kaleratuko dut. Durangoko Azokarako zortzi abesti kalean izatea da helburua. Dena prest daukat, baina grabatzen nabil.
Erromerien mundutik zatoz. Zelan sentitzen zara musikaren esparru horretan?
Oso erromeriazalea naiz. Euskal musika beti gustatu izan zait. Baina horrelako talde batean hiru orduz abesten eta dantzan aritzea uste nuena baino gogorragoa da. Ikasteko oso aukera ona da.
Zelan zabaldu zitzaizkizun ateak erromerietan aritzeko?
Sare sozialetan nire musika proiektuen berri ematen dut. Iaz pertsona batek proposamena egin zidan sareetatik, eta baiezkoa eman nion. Horrela hasi nintzen erromerietan abesten. Ospitale batean lan egiten dut, hezitzaile psikiatria sailean, eta uda partean lan biak uztartzea gatxa da.
Zeintzuk dira zure inspirazio iturri musika arloan?
Beti gustatu izan zait La Oreja de Van Gogh, Amaral, Ken Zazpi, Zea Mays... Nire txikitako diskorik gustukoena Erramun Martikorenarena zen. Musika mota ezberdinak gustuko ditut. Heavy metala ere gustuko dut. Gainera, familian musika munduan hazi naiz.
Musikari lotutako familia duzu?
Nire lehengusina Maria Amolategi, esate baterako, abeslaria da eta beti izan da nire erreferente. ETBn abestu izan du. Nire neba musika ekoizlea eta teknikaria da Madrilen. Aitak ere beti abestu izan du Orfeoian.
Modelo lanetan ere aritu zara.
Aktore izateko ikasketak egin nituen eta modelo legez ere egin ditut kolaborazioak. Ez dakit geldirik egoten (barrez). Hala ere, orain esaten didate zentratu egin behar naizela, lan horien guztien artean bat aukeratu eta horren aldeko apustua egiteko.
Zure ibilbide artistikoa zelan bideratzea gustatuko litzaizuke?
Ikusi gura dut momentu honetan musika zaletasun izatetik lanbide izatera pasatu daitekeen. Nire norabidea zehaztu beharko dut. Disko berria ere horrela deituko da: Nire norabidea. Proiektuan sinisten eta disfrutatzen ahalegintzen nabil.
Durangon, maiatzaren 30ean.
'HERRIAN'
• Amaiurtxu
• Eider
• Gar
• Eitxi
• Kiliki
• Los Frenomnes Rebeldes
• Mala Gestión
• Mississippi Queen and The Wet Dogs
• Mujeres
• Olatz Salvador
• Oslo Ovnies
• PI L.T.
• Santa Salut Wau y Los Arrrghs!!!
Benita Uribarrena, Ibaizabal eta Ezkurdi parkea.