"Beti izan dugu josteko makina etxean, baina denboragaz sortu zait zaletasuna"

Aitziber Basauri 2026ko maiatzaren 10a

Irene Ormaetxeak (Durango, 1991) eskuz egindako osagarriak sortzen ditu, ume, gazte eta helduentzat. Azaroan ekin zion bere izena daraman proiektuari, familiak eta lagunek bultzatuta. Etxean egokitu du tailerra, eta pozik dago orain arte egindako bideagaz (@ireneormaetxeatailerra).

Betidanik izan duzu joskintzarako zaletasuna ala denboragaz ikasitako zeozer izan da?
Etxean beti izan dugu josteko makina, baina denboragaz sortu zait sorkuntzarako zaletasuna. Amama jostuna zen, eta ama ere bai. Ez du lanbide izan, baina etxeko apaingarri guztiak amak egindakoak dira. Hala ere, nik neure kabuz ikasi dut josten. Umeentzako arropatxoak, fardela aldatzeko zorroak, kulerotxoak... josten hasi nintzen, eta orain gazte eta helduentzako osagarriak ere sortzen ditut. 

Zerk du arrakastarik gehien?
Fardelak aldatzeko zorroak. Horixe da proiektu honen jatorria. Orain zortzi urte, nire semetxoa jaio zen eta ez nekien fardelak non eta zelan eraman. Orduan, fardelak gorde eta aldatzeko aukera ematen duen zorroa sortu nuen, neuretzat. Gero, nire ingurukoei oparitzen hasi nintzen, eta beste batzuek euren ingurukoei oparitzeko eskatu zizkidaten.

Beraz, premia batetik abiatuta hasi zinen osagarriak sortzen?
Bai. Gainera, ama izan nintzenean, neskatoentzat eta mutikoentzat dena oso sailkatuta zegoela ikusten nuen. Ez nuen topatzen niretzat aproposak ziren arropatxo edo osagarriak.

Umeentzat ala helduentzat da gatxagoa sortzea?
Helduentzat, merkatua oso handia delako. Gainera, helduok exijenteagoak gara.

Neurrira egindako edo pertsonalizatutako enkarguak izaten dituzu?
Bai, eta eskatutakora egokitzen ahalegintzen naiz. Adibidez, orain dela gutxi ordenagailuarentzako zorro bi egin ditut. Normalean ez dut horrelako osagarririk egiten eta ez dut aurreikusita horrelako produkturik sortzea, baina, ahal den neurrian, eskariei erantzuten ahalegintzen naiz.

Zein da egin duzun lanik bereziena?
Orain dela gutxi, opari bat bidali nion Lekeitioko familia bati: bikientzako kulerotxoak, txupetea eusteko osagarriak eta logelarako banderatxoa, dena konjuntua. Ilusio eta mimo handiz egindako enkargua izan da. 

Durangaldetik kanpoko enkarguak ere badituzu.
Bai, izan ditut batzuk. Dena dela, eskaririk gehienak Durangokoak dira. 

Eskuz egindako lanak balio erantsia du?
Norbaitek bere denbora hartu du eskatutakoa mimoz josteko; oihalak, koloreak... aukeratzeko. Nik ez dut stock handiagaz lan egiten, eta arropa eta osagarririk gehienak neurrira egindakoak dira, berezoagaz hartu-emanean sorturikoak. Horrelakorik ez dago ohiko dendetan.

Zelan ezagutarazten duzu zeure lana?
Sare sozialen bitartez eta merkatuetan. Orain dela gutxi, Durangon antolatutako Naiz Market azokan egon naiz, eta asteburu honetan Bilboko Indautxu auzoko azoka batera joango naiz. Maiatzaren 22an eta 23an, Pop-up denda batean erakutsiko ditut lanak, beste hiru sortzailegaz batera.

Zein helburu duzu epe ertainera? Nora eramango zaitu proiektu honek?
Bordatuak egiteko aukera aztertzen nabil. Izenak ipintzeko edo detaile txikiak bordatzeko. Hasi dut bidea eta ez dakit noraino helduko naizen. Pozik nago izan dudan erantzunagaz, eta aurrera jarraitu gura nuke.

Motzean

Josteko, goiza ala gaua?
Goiza.

Eskuz ala makinaz?
Makinaz.

Diseinatzeko, musika ala isiltasuna?
Musika.

Sormena da...
Poza.

Pastel-koloreak ala biziak?
Biziak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!