Durango Rugby Taldeak ikastetxeean arteko Rugby Tag topaketaren 14. aldia egingo du datorren astean. Ekimenaren helburua umeak eta gazteak errugbira erakartzea eta ikastetxeekin hartu-emanak lantzea da, ekimenaren bultzatzaileek azaldu dutenez.
Ekimena elkartasunagaz lotzen dute urtero. Aurten baturiko dirua Río de Oro elkarteko NASMA proiekturako erabiliko dute. Proiektuaren helburua da zenbait gazte sahararri berba egiteko gaitasuna garatzen laguntzea. Izan ere, Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetako gazte batzuek entzumen arazoak dituzte. Horietariko batzuek Izurtzan pasatzen dute uda, eta egonaldian dauden bitartean audifonoak ipintzen dizkiete; ondoren, Tindufera bueltatzen dira. NASMA proiektuaren bitartez, hango hezitzaileei logopedia arloko formakuntza eskaintzea da asmoa, gazte sahararrek aukera gehiago izan dezaten hizkuntza garatzeko. Horretarako, logopedak Tindufera joango dira prestakuntza ematera.
Proiektuak beste adar bat ere badu, kasu honetan GAES Fundazioagaz elkarlanean. Haiek ere bidaiatu izan dute inoiz Tindufera Río de Oroko kideekin batera, gazte batzuei audifonoak ipintzeko eta lehendik zituztenei berrikuspenak egiteko.
1.500 bat gazte
Aurreko aldietan, Rugby Tag topaketak 1.500 bat gazte batu ditu, eta aurten ere kopuru horren bueltan egotea itxaroten dute. Urtero legez, Arripausueta errugbi zelaian izango da ekimena. Lehenengo saioak maiatzaren 12an, 13an eta 14an izango dira. Saio horietan Kurutziaga ikastolako, Landako eskolako, eta Nevers, San Antonio, San Jose Jeusitak eta Zabalarra ikastetxeetako gazteak batuko dira. Ondoren, maiatzaren 19an eta 20an bigarren saio bat egongo da Durangoko Institutuko eta Abadiñoko Institutuko gazteekin. Arripausuetan batzen diren gazteek Rugby Tag modalitatea probatuko dute. Jokalariek gerrian daramatzaten zintak elkarri kentzean datza modalitatea. Ez dago kontakturik.