Durangoko Udalak 80.000 euroko diru-poltsa lotu du udalerriko ekintzailetza eta
merkataritza suspertzeko. 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean Durangon jarduera ekonomiko bat garatu edo lekuz aldatu duten pertsona fisiko edo juridikoek jaso ahal izango dituzte laguntza. Durangoko merkatuan kokatutako jardueretarako ere baliatu daiteke laguntza.
Udal ordezkariek azaldu dutenez, "nabarmen" handitu dute deialdirako aurrekontuan, azken bi urteetan: "2024an 50.000 eurotik 62.000 eurora igo genuen, eta aurten berriz 80.000 eurora bitarte handitu da aurrekontua. Urte hauetan 22 eskaera egin dira, eta diru-laguntza hainbanatu behar izan da". Horregaitik, Dendak Bai elkarteak eskatuta, aurrekontua %20 baino gehiago handitu du udalak.
Inbertsio osoaren %60 "Hazkunde horrek adierazten du udalerriak tokiko ekintzailetzari laguntzeko duen konpromisoa. Egindako inbertsio osoaren %60ra bitarteko diru-laguntza emango da, eta eskari bakoitzeko gehienez 4.000 euro emango dira. "Ekintzaileei babesa eskaintzea da helburua, euren proiektuak eta jarduera ekonomikoak Durangoko udalerrian gauzatu ahal izateko", argitu dute udal ordezkariek.
Enpresa ehuna sendotzeko eta Durangon ekintzailetza sustatzeko diru-laguntza hauek duten garrantzia nabarmendu du Jesica Ruiz merkataritzako zinegotziak: "Deialdi honekin, negozio berriak sortzeko prozesua erraztea, enpresa-proiektuen sendotzea eta gure ekonomiaren dinamizazioa bilatzen ditugu". Eskaria egiteko udalaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredua erabili daiteke.